BILBO, 7 (EUROPA PRESS)
Australiako Gobernuko bi kidek eta The Royal Melbourne Institute of Technology unibertsitateko bi irakaslek osatutako ordezkaritza batek Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) bisitatuko du abenduaren 11tik 15era, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren IZO Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala ezagutzeko.
Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez, Australiako Gobernuko Osasun Sailak hainbat zerbitzu publikotan eta, bereziki, osasun zentrotan herritarrekin komunikatzeko duen idatzizko itzulpen sisteman atzemandako gabezien barruan dago bidaia.
Australiako biztanleen %50 atzerriko jatorrikoa da, eta 400 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira bertan. Testuinguru horretan, pandemiak agerian utzi zituen ingelesa menderatzen ez duten pertsonen arazoak Gobernuaren komunikazioak ulertzeko orduan. Egoera hori antzeman ndoren, Australiako Osasun Sailak hainbat itzulpen sistemei buruzko interesa agertu zuen, interes berezia izanik Eusko Jaurlaritzaren Itzultzaile Sistema Ofizialaren metodoan.
Bada, Australiako ordezkaritzak bidaia honetan dituen helburu nagusiak dira, besteak beste, sistema etengabe hobetzeko mekanismoak, banku terminologikoak, hizkuntza laguntza eta barne itzulpena. Horrela, bisitan zehar, HAEEko eta IZOko arduradunen eskutik, Australiako ordezkaritzak hizkuntza politikak, itzulpen metodoa, langileak hautatzeko prozesuak, itzulpen tresna digitalak edo IZO sistemaren kalitate kontrolak ezagutzeko aukera izango du, baita euskararen jatorria eta euskarak administrazioan duen egoera ere.
Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak harrera egingo dio australiar ordezkariei Gasteizen eta bilera izango du haiekin datorren astelehenean, abenduaren 11n.
IZO
IZO Itzultzaile Zerbizu Ofizialaren helburua da Jaurlaritzaren administrazioak euskaratik eta euskararako dituen itzulpen eta interpretazio alorrean dituen beharrak asetzea, eta sektore publikoari zerbitzu hori eskaintzea, kalitatez eta euskararen erabilera sustatuko duten baldintzetan.
Halaber, itzultzaile zerbitzuak bilatzen du euskarazko terminologia juridiko-administratiboa finkatzea eta zabaltzea eta administrazioan euskarazko testugintzarako tresnak eta baliabideak ematea, administrazioan euskararen erabilera bultzatzeko, euskararen erabilera normalizazioa xede.