BILBO 2 (EUROPA PRESS)
Bilboko Udalak antolatutako BAD Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiak 28. edizioa egingo du urriaren 15etik 25era bitartean, eta 17 konpainia bilduko ditu "propisamen eszeniko abangoardistenekin" La Fundicion, Harrobia Eskena, Bilborock, Campos Antzokiko Kupula aretoan.
Aurten, gainera, EDADEI6 Dantza, Arte Dramatiko, Hezkuntza eta Ikerketa Topaketak egingo dira Dantzerti Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskolan, Euskal Herriko Dantza Eszenikoaren Bitartekaritza Elkarteak sustatuta.
BAD Bilbao jaialdiaren programazioa ostiral honetan aurkeztu da Bilboko udaletxean egindako prentsaurreko batean, eta bertan izan dira Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako zinegotzia eta Alicia Otxandategi BAD jaialdiko zuzendaria.
Olabarriak jaialdiaren garrantzia azpimarratu du, "Bilboko ikusleak eta hirian zehar barreiatuta dauden espazioak abangoardia artistikora eramango dituen ikuskizunak" bilduko baititu. "Jaialdi honi esker, Bilbo abangoardiako arte bizien erdigune bihurtuko da hamar egunez, lan egiteko modu eta sentsibilitate desberdinak dituzten baina publikoaren bihotzera iristeko helburu komuna duten tokiko, estatuko eta nazioarteko konpainiak hartuko baititu", esan du.
BAD Bilbao "proposamen eszeniko berritzaileenen eta anitzenen Euskadiko erakusleiho nagusi" bihurtu da, eta lengoaia berrien aldeko apustua egin du, "harritzeko eta eszena publikoa hurbiltzeko helburuarekin".
Ikuskizunez gain, EDADEI6 Dantza, Arte Dramatiko, Hezkuntza eta Ikerketa Topaketak ere antolatuko dira, Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak bultzatuta BAD Bilbaorekin elkarlanean. Jardunaldia urriaren 16an egingo da, 16:30etik 20:30era, Dantzertin. Doako jarduera da eta izena emateko epea urriaren 14an amaituko da, mezu elektroniko bat bidaliz info@addedantza.org helbidera.
Aurten topaketa hauen seigarren edizioa izango da, eta BAD jaialdiarekin, LABO XL jaialdiarekin, Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiarekin, EABrekin, Dantzagunearekin, Dantzazekin eta Dantzertirekin elkarlanean egindako sare lanari esker izango da posible. Hainbat profesional eta erakunde arituko dira hizketan, tokiko, estatuko eta mugaz gaindiko esperientzia eszenikoen inguruan.
Gainera, BAD Bilbaoren programazioan doako beste bi jarduerentzako tokia dago: urriaren 17an, 12:00etan, 'Parkuir' jarduera artistikoa programatu da La Fundicion aretoan, eta hilaren 25ean, 12:30ean, Bilborocken, Paloma Calle eta Massimiliano Casuren 'Fiesta Invisibles' dokumentala eskainiko da.
EGITARAUA
BAD Bilbaoren edizio honetan 17 konpainiak hartuko dute parte, eta horietatik sei Euskal Herrikoak dira: Mutis Espazioa-Lökke, Sleepwalk Collective-Iara Solano, Angela Millano, Perpetûa Vastarda, Dejabu Konpainia eta Metrokoadroka. Estatu espainiarreko zazpi konpainiaren eta beste herrialde batzuetako lau talderen lanak ere ikusi ahal izango dira.
Erabateko lau estreinaldi ere izango dira: Los Voluble + Dani Hernandezen 'La voz de alarma', Maria Laudes Gonzalez & Guiu Gimeno Bardisen 'Parkuir', Perpetûa Vastardaren 'La primera en morir' eta Fernando Lopezen 'Las que hay que iba.
Ikuskizun bakoitzerako sarrerak urriaren 15era arte egongo dira eskuragarri 8 euroren truke, eta egun horretatik aurrera 10 euroko prezioa izango dute. Aldez aurretik erosi ahal izango dira jaialdiaren webgunearen bidez, edo La Fundicion eta Teatro Campos Eliseos antzokietako webgune eta leihatiletan. Gainera, ikuskizunaren egun berean, sarrerak 10 euroren truke eskuratu ahal izango dira leihatilan, ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenagotik.