BILBO, 21 (EUROPA PRESS)
Eroski proiektu bat gidatzen ari da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekoizleekin, baratzegintzaren errentagarritasuna hobetzeko, hura dibertsifikatuta eta labore berriak era iraunkorrean landuta. Planaren izena "Plan Hortaliza: Diversificación Sostenible Colaborativa" da, 24 hilabete iraungo du, eta laguntzak jasoko ditu Eusko Jaurlaritzatik eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsetik.
Kooperatibak iaz jarri zuen martxan proiektua, Durangaldean, eta Ezkerraldera eta Gasteizera hedatu du dagoeneko. Laster, Uribe Kostara, Txorierrira eta Bilbo aldera helduko da, Eroskik jakinarazi duenez.
Planaren zutabeetako bat eskaintzaren dibertsifikazioa da, kontua ez baita gaur egun ekoizten dena saltzea, baizik eta denboraren joanarekin albora laga diren ekoizpenak berreskuratzea eta saltzeko interesgarriak izan daitezkeen labore berriak sartzea, baldin eta ikuspegi agronomikotik ekoizteko modukoak badira.
"Berrikuntza aintzat hartzen du proiektu honek, alderdi askotatik, eta lana antolatzeko era berriak dakartza, era kolaboratiboak lehiakideekin eta bezeroekin; horrek, hala, ekoizpen bide berriak ekarriko ditu, eta merkatuan produktu berriak sartzeko balioko du", esan du Eroskiko tokiko Ekoizpenetarako zuzendari komertzial Asun Bastidak.
Proiektuan bazkide gisa ari dira Neiker-Tecnalia, Barrenetxe kooperatiba eta Lapikote baserria, eta kolaboratzaile bezala Azkarrena S.C. eta Iñaki Azkoaga. Lau fase ditu, eta bata bestearen atzetik landuko dira: laboreak identifikatzea, laboreen ezaugarriak deskribatzea, landa probak diseinatzea eta gauzatzea eta aldaeren ezaugarritze sistemaren deskripzioa eta zabalpena.