Basque Culinary Center eta Gastronomiaren Euskal Anaiarea elkarrekin garatuko eta hedatuko dute euskal gastronomia

Basque Culinary Centerrek 15 eta 18 urte arteko gazteentzako udako tailerra egingo du Donostian uztailean

Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 20 mayo 2010 15:12

DONOSTIA, 20 May. (EUROPA PRESS) -

Basque Culinary Centerreko zuzendari eta Mondragon Unibertsitateko errektoreorde Joxe Mari Aizegak eta Gastronomiaren Euskal Anaiartearen presidente Luis Mokoroak bi erakundeen arteko akordio bat sinatu dute gaur Donostian, euskal kultura gastronomikoaren garapena, hedapena eta tradizioa sustatzeko.

Gainera, Basque Culinary Centerrek proiektu berritzaile honetako lehenengo trebakuntza-jarduera aurkeztu du, hots, 15 eta 18 urte arteko gazteentzako udako tailerra. Tailerraren bidez gazteei gastronomiaren eta sukaldearen mundua erakutsi nahi zaie, programa "erakargarria eta dinamikoa" erabilita. Sukalde arloko ezagutzak, ikustaldiak eta praktikak egingo dira.

Gaur sinatu den hitzarmena urtebeterako da eta automatikoki luzatu daiteke. Bere helburua lankidetzarako marko bat ezartzea eta bi erakundeek elkar babestea da, euskal kultura gastronomikoa eta unibertsala hobeto garatzen eta zabaltzen laguntzeko eta bakoitzaren garapenean elkarren osagarri izateko. Jarduteko berariazko proiektuen bidez zehaztuko dira jarduerok.

Gastronomiaren Euskal Anaiarteak Basque Culinary Centerren esku jarriko ditu bere giza baliabideak eta baliabide materialak eta egoitzako lokalak elkarrekin egindako jarduerak garatzeko. Lokal horietan dago, hain zuzen ere, Gastronomiaren Nazioarteko Liburutegia.

Gastronomiaren Euskal Anaiartea irabazi asmorik gabeko erakundea da, euskal kultura gastronomikoa eta unibertsala eta sukaldearekin lotutako guztia hedatzea bere helburua, hau da, produktuak, legendak, historia, ohiturak, oraina eta etorkizuna. Bere kideen artean euskal gastronomiako izen handiak daude: ekoizleak, sukaldariak, kritikariak, erakundeak eta zenbait arlotako talde profesionalak. Era berean, Euskadin 'Internacional Slow Food' erakundea bultzatzen du eta euskal kultura gastronomikoa sustatzeko hainbat proiekturen garapenean hartzen du parte.

UDAKO TAILERRA

Basque Culinary Centerrek proiektu berritzaile honetako lehenengo trebakuntza-jarduera aurkeztu du: 15 eta 18 urte arteko gazteentzako udako tailerra. Tailerraren bidez gastronomiaren mundua ezagutuko dute programa dinamikoa erabilita, hots, sukalde arloko ezagutzak, ikustaldiak eta praktikak.

Trebakuntza-programak lau ardatz ditu: produktua-ekoizlea, egitea eta ohiko errezetak, berrikuntzako oinarrizko teknikak eta jatetxeak eta sukaldariak ezagutu. Gazteek egin ahal izango dituzten jardueren artean azalpen teorikoak eta praktikoak egongo dira, erreferentziazko sukaldarien hitzaldiak eta merkatuetara edo ekoizleengana joango dira, janariak prestatuko eta dastatuko dituzte eta blog bat egingo dute ikasitakoa eta bizitakoa elkarbanatzeko.

Tailerra bi astean egingo da, uztailaren 5etik 16ra, Donostian, goizeko 9:00etatik 13:00etara gehi jateko denbora. Ikustaldiak dituzten egunetan, ordea, arratsaldera arte luza daiteke jardunaldia.

Ikasle gazteek nozioak jasoko dituzte eta praktikan jarri ere bai entsaladei, arrozei, nazioarteko sukaldaritzari, gisatuei, pintxoei, ogitartekoei, pasta eta pizzari edo gozogintzari buruz ikasitakoa. Artzeniegara joango dira gazta ekoizle batengana, Tolosako maisu txokolategile batengana ere bai, eta Lekeition arrantzale batekin arrantzatzeko esperientzia eta arraina erretzekoa ezagutu ahal izango dute.

ZIENTZIA GASTRONOMIKOEN FAKULTATEA

Bestalde, irekitzera doazen Zientzia Gastronomikoen Fakultateak ezaugarri horietako Europako bigarren unibertsitatearen egoitza bihurtuko du Donostia. Horrez gain, gastronomia arloko eta elikagaien zientzietako ikerketa eta berrikuntzarako zentro bat ere izango du, bere alorreko ezagutzen I+G arloan nazioartean erreferentziazko zentroa izateko eta, bereziki, zientzia gastronomikoekin lotutako arloetan.

Munduan ezaugarri horiek dituen fakultate bakarra izango da, Basque Culinary Center Ikerketarako eta Berrikuntzarako zentroa duena. Zentro hau Mondragon Unibertsitateak eta nazioarteko erreferentziadun sukaldariek bultzatu dute eta erakunde publiko guztien laguntza ere badu: Eusko Jaurlaritza, Gobernu zentrala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala. Babes hori osatzeko, Estatu eta Europa mailako elkarte eta erakunde entzutetsuekin akordioak lortu dira.

Mondragon Unibertsitateko Sukaldaritza Arteetako Graduak Europako Goi mailako Irakaskuntzako Esparrura egokitutako titulazioa izango du. Graduko ikasketek lau ezagutza-arlo nagusi landuko dituzte: Sukaldeko, jangelako eta sommelier-jardueretarako teknikak; Negozioaren kudeaketa; Zientzia eta Teknologia; eta Kultura eta Artea.

Bestalde, I+G+b zentroaren xedea da ikerketa eta ezagutzaren transferentzia sustatzea goi sukaldaritzako profesionalen eta gastronomiarekin zuzenean edo zeharka lotutako enpresa eta ezagutza sektoreen artean, eta horien artean sinergiak sor daitezela ahalbideratzea.

Contenido patrocinado