BILBO, 29 (EUROPA PRESS)
BBK-k eta Bilboko Arte Ederren Museoak elkarlanean antolatutako 'BBK Artearen Ibilbidea' dibulgazio programaren laugarren edizioa Barakaldora iritsi da astelehen honetan, eta artearen historiako hainbat alditan 30 artistak egindako 36 lanen bidez, Bizkairen irudia erakutsiko du. Erakusketa ekainaren 5era bitarte izango da Bide Onera plazan.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 'Bizkaiari begira' izenburupean, programak lurraldearen "erretratu" bat egiten du 30 margolan, hiru kartel, bi argazki eta collage baten bidez, XVIII. mendeko azken hamarkadetatik XXI. mendeko lehen hamarkadara arte.
Irudiek Bizkaiko ikonografia eta geografia jasotzen dute: landa guneak, Kantauriko kostaldea eta portuak (Bermeo, Elantxobe, Plentzia edo Abra) edota hainbat udalerri eta eskualdeko hiri eta industria paisaiak (Bilbo, Erandio meatze herriak, Durango, Balmaseda, Zeanuri, Gernika, Busturialdea). Era berean, giza presentziak paisaiarekin bat egiten du Bizkairen idiosinkrasia irudikatzen duten jardueretan (itsasoko jendearen, nekazarien eta langileen beharra, prozesioak eta mistizismoa, aisia erromeria eta estropadak, bolo jokoa eta bertsolaritza).
Luis Paret, Antonio Maria Lekuona, Anselmo Ginea, Darío de Regoyos, Adolfo Guiard, Inocencio Asarta, Manuel Losada, Fernando Amarika, Alberto Arrue, Valentin Zubiaurre, Aurelio Arteta, Julian Tellaetxe, Jose Arrue, Ricardo Arrue, Antonio Gezala, Celso Lagar, Jose Benito Bikandi, Juan Jose Landa, Jose Maria Uzelai, Nicolás Martínez Ortiz, Jose Antonio Ormaolea, Roberto Rodet, Agustin Ibarrola, Ricardo Toja, Mari Puri Herrero, Gabriele Basilico, José Ramón Morquillas, Daniel Tamayo, Patxi Cobo eta Jesus Mari Lazkanoren lanak dira.
Bilbon estreinatu eta ekainaren 5era arte Barakaldon izan ondoren, Muskiz, Portugalete, Trapagaran, Abanto Zierbena (Las Carreras), Balmaseda, Getxo, Plentzia, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Nabarniz, Gernika, Mungia, Gamiz-Fika, Erandio, Sestao, Bakio, Gordexola, Ugao-Miraballes, Basauri, Etxebarri, Lezama, Zornotza, Iurreta, Garai eta Durango bisitatuko ditu 'BBK Artearen Ibilbidea' programak azarora bitarte.