DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)
Donostiako Lauaizeta ikastetxean egindako ekimenarekin hasi da astelehen honetan hasiera 2025eko Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketa, gazteek indarkeria matxistaren aurrean beren jarrera erakusteko.
Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak sustatzen du lehiaketa, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartearekin batera. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herri erakundeek sustatutako ekimen zabala da Beldur Barik programa eta, gazteen artean indarkeria matxista saihesteko eta haiekin batera hausnarketa eta eztabaidak sustatzeko helburua du.
Lauaizeta ikastetxeko hainbat gazteri zuzendutako tailerraren baitan aurkeztu dituzte aurtengo edizioaren berrikuntzak. Hasteko, Parean elkarteko Miren Lanzek eta Oihana Llorentek indarkeria matxistaren adierazle diren egoerei eta horiei aurre egiteko moduei buruzko hitzaldia eman diete gazteei, eta Beldur Barik egitasmoko xehetasunak partekatzeko tartea ere hartu dute.
Ondoren, Anepe Acedo eduki sortzaileak sare sozialetan argitaratzeko POV (Point Of View) formatuko bideo laburrak sortzeko ikastaro praktikoa eman die ikasleei. Modu honetan, gazteek hainbeste erabiltzen dituzten sare sozialak "modu kontziente eta feminista batean baliatzeko hausnarketa eta formakuntza" jaso dute.
Hain zuzen ere, hori da 2025eko Beldur Barik lehiaketaren berrikuntzetako bat, sare sozialetan hain zabaldua dagoen POV erako bideo laburrak ere aurkez ditzaketela gazteek. Helburua da lehiaketa egokitzea, gazteek sareetara igo ohi dituzten bideo formatuak ere kontuan hartuz. Formatu horren bidez, indarkeria matxistaren inguruko egoera baten aurrean gazteek euren ikuspuntua edo erantzuna adieraz dezaten bilatzen da.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak Donostiako ikastetxean egindako agerraldian gogorarazi duenez, programaren helburua da gateen artean indarkeria matxista prebenitzea, "nesken ahalduntzea lagunduz eta mutilei berdintasunaren beharraren inguruan hausnartzen lagunduz, denen parte hartzearekin gizarte berdinzaleago baten alde eginez".
Horretarako, gazteen parte hartzea eta sormena sustatzen dituen proiektuak hausnarketarako espazioa eskaintzen die. "Sorkuntza prozesua bera gazteen artean emakumeen aurkako indarkeriari buruz elkarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko aukera bihurtzen da. Eta hori da helburua: gazteek estereotipoen, edertasun kanonen, bikotearen kontrolaren, indarkeria matxistaren eta antzeko gai askoren inguruan eztabaidatzea", azaldu du Elgarrestak.
XEHETASUNAK
Beldur Barik lehiaketan 12 eta 20 urte bitarteko gazteek har dezakete parte, banaka edo taldeka, bi kategoriatan banatuta: 12-16 urtekoena (2009 eta 2013 artean jaiotakoak) eta 17-20 urtekoena (2005 eta 2008 artean jaiotakoak).
Aurkeztutako ikus-entzunezkoek gazteen jarrera kritiko, eraikitzaile eta konprometitua islatu behar dute indarkeria matxistaren aurrean, hau da, "Beldur Barik Jarrera adierazi behar dute, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria matxistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin".
Gazteak ikastetxe, gazteleku, aisialdi talde, elkarte edota emakumeen etxeen bitartez aurkeztu ahal dute haien lana edo haien kabuz. Lehiaketaren oinarriak programaren webgunean kontsulta daitezke, baita bideoen sorkuntzarako lagungarria izan daitekeen materiala.
Parte hartzea zabalik egongo da azaroaren 9ra bitarte, eta izen-ematea webgunearen bidez egin beharko da. Sarien artean daude 650 euroko sariak taldeentzako eta 200 euro gehi liburu sorta banakako lanentzat, baita publikoaren saria (300 euro) eta ikus-entzunezko lan onenaren saria (300 euro) ere. Lan sarituak azaroaren 28an egingo den Beldur Barik Topaketan ezagutzera emango dira, indarkeria sexista eta matxistaren aurkako borrokan ari diren gazteen topagune bilakatuko den ekitaldian.