Benito Lertxundik agur esan dio oholtzari, 60 urteko ibilbidearen ondoren

Benito Lertxundi, Gernikako Jai-Alai pilotalekuan
KANTAITA ENEA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 27 noviembre 2024 15:22

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

Benito Lertxundik agur esan dio oholtzari, 60 urteko ibilbidea egin eta gero. 2023ko azaroaren 11an Gernika-Lumoko Jai-Alai pilotalekuan eskainitako kontzertua jasotzen duen 'Gernika kontzertuan' diskoa aurkeztuz egin du iragarpena Orioko kantariak.

"Urte honen hasieran nire baitan erabakia hartua zegoen, eta bildu nituen nire bidelagun izan diren eta diren musikari eta teknikari eta guztiak, eta hartu nuen erabakia bota nien, 60 urteko kantagintzari amaiera ematea", azaldu du Gernika-Lumoko pilotalekuan bertan asteazken honetan egindako agerraldian.

Sei hamarkadetan etenik izan ez duen ibilbide oparo baten ondoren kontzertuak emateari uzteko garaia iritsi zaiola adierazi du, nahiz eta ez duen baztertzen, beste era batera, musikarekin edo sormen artistikoarekin harremanetan jarraitzea.

Oriotar kantariak esker ona adierazi dio bere entzulegoari, urte guzti hauetan honek adierazi dion maitasunagatik. "Horregatik berezia da agur hau 'Gernika kontzertuan' diskoarekin batera etortzea, jarraitzaileekin sortutako energia eta egiazkotasuna jasotzen baitu, Jai-Alai enblematikoa lekuko", esan du.

Adierazi duenez, ez da bilatutako disko bat izan, baizik eta "opari gisa eskuetara" etorri zaiona, eta horregatik "hunkiturik" partekatu nahi izan du publikoki, kontzertua gertatu zen leku berean, eta hitzordu haren antolatzaile izan zen Haziberri Festibalaren eskutik.

20 kantaz eta hainbat doinuz osatutako diskoan jaso da gau hartan izandako "giro aparta", frontoia bete zuten 2.000 ikus-entzulerekin. Abesti ezagun zein berriagoak entzun ahal izango dira, aspaldian kontzertuetan eman ohi dituen doinuak. Amaitzeko, oraindik argitaratu gabeko kanta berri bat izango da: 'Ez nabil ezeren bila'.

Lana CD bikoitzean eta LP hirukoitzean eskuragarri dago jada ohiko salmenta guneetan, eta 59. Durangoko Azokan Kantaita Enea-ren mahaian ere izango da, bai eta www.benitolertxundi.com webgunean eta gune digital guztietan ere.

Contenido patrocinado