BILBO 26 Mar. (EUROPA PRESS) -
Bertsozale Elkarteak eta Mikel Laboa Katedrak bi sari emango dituzte 2023an bertsolaritzari buruzko ikerketa lanen eta master amaierako lanen proiektuak sustatzeko helburuarekin. Bi deialdien helburua bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzea da, sustatzaileek jakinarazi dutenez.
Bada, alde batetik, bertsolaritzari buruzko ikerketa eta master amaierako lanen proiektuak sustatzeko deialdia egingo da. Kasu honetan, master amaierako lanen proiektuak lehenetsiko dira, baina beste ikerketa lan monografiko batzuen proiektuak ere onartuko dira, geroko tesiak bultzatzeko asmoz, horien ikergai nagusia bertsolaritza bada, nahi den jakintza alorretik ikertua. Nolanahi ere, unibertsitate irakasle doktore batek bermatu behar du proiektua.
Aurten 2.500 euroko diru laguntza esleituko da, eta eskariak aurkezteko epea irailaren 18a arte dago zabalik. Hautatuen izenak eta ordezkoen zerrenda urriaren 18an argitaratuko dira, eta ikerketa lanak amaitzeko epea 2024ko urriaren 18a izango da, beranduenez. Izen-ematea https://www.bertsozale.eus/eu/fitxategiak/ikerketa-proiektua... web orrian egin daiteke.
Bestalde, gradu amaierako lanen sariaren deialdian, bertsolaritza ikergai gisa aukeratu izana baloratzea da helburua. Bertsolaritza ikergai duen gradu amaierako lan bat edo goi mailako antzerki zein musika ikasketa bukaerako lan bat sarituko da. 2020-2021, 2021-2022 edo 2022-2023ko ikasturteetan defendatutakoak izan beharko dute lana. 600 euroko sari bat esleituko da, eta lanak aurkezteko epea 2023ko irailaren 18ra arte dago zabalik. Izena emateko formularioa https://www.bertsozale.eus/eu/fitxategiak/gradu-amaierako-la... web orrian dago.