GASTEIZ 30 Abr. (EUROPA PRESS) -
Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu ditu Gasteizen indarkeria erabiliz egindako lapurreta saiakuntza bana leporatuta. Lapurretetako bat otsailaren 14an gertatu zen eta bigarrena asteazkenean, apirilaren 29an, eta bi kasuetan, lapurrek piper-gasa bota zieten biktimei, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Bada, alde batetik, joan den otsailaren 14an, gauerdian, Astronomoen parkean oinez zihoan 53 urteko gizon bati ezezagun bat hurbildu zitzaion atzetik, eta eskuan zeraman sakelako telefonoa kentzen saiatu zen aurpegira piper-gasa botatzen zion bitartean. Bi pertsonak indarka hasi ziren eta biktimak kolpe ugari jaso zituen aurpegian, batzuk esprai potearekin emanda.
Jarraian, erasotzaileak ihes egin zuen, telefonoaren jabea, laguntza eske oihuka, atzetik zuela. Egoera horren aurrean, lapurrak lurrera bota zuen lapurtutako telefonoa, biktimak atzetik segika jarraitu ez zezan. Handik gutxira, Ertzaintzaren patruilak iritsi ziren, osasun zerbitzuen laguntza eskatu zuten biktima artatzeko, eta, azkenean, Txagorritxu ospitalera eraman zuten.
Gasteizko ertzain-etxean ikerketa hasi zuten eta, jasotako ebidentziei esker, indarkeriaz egindako lapurreta saiakeraren egilea identifikatzea lortu zuten, 31 urteko gizon bat. Azkenean, asteazken arratsaldean atxilotu zuten. Atxilotuak aurrekari ugari ditu ondarearen aurkako delituengatik, eta ostegun honetan jarri dute epailearen eskuetan.
Beste alde batetik, asteazeneko 22:00ak aldera, Ertzaintzaren hainbat patruila Txile kalera joan ziren, hainbat pertsona borrokan ari zirela esanez abisua jaso ondoren. Iristean, gizon bat ikusi zuten lurrean beste bat atxikitzen; agenteei azaldu zienez, atxikita zuen gizona berari eta bere bikotekideari sakelako telefono bat eta patinete elektriko bat lapurtzen saiatu zen, eta piper-gasa ere bota zien.
Ertzainek susmagarria atxilotu zuten, 23 urteko gizon bat, indarkeria erabiliz lapurreta egiten saiatzea leporatuta. Ondarearen aurkako delituengatik polizia aurrekariak dituen atxilotua epailearen eskuetan jarriko dute polizia eginbideak amaitutakoan.