BILBO 22 Sep. (EUROPA PRESS) -
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak 'Biscay Bay Startup Campus #BBSC' izeneko egitarauaren hurrengo edizioan parte hartuko du. Bilbon egingo da, ostegunean eta ostiralean, irailaren 24an eta 25ean, berrikuntza irekia ardatz duela, eta Europako hegoaldeko gazte ekintzaileen topaketarik handiena da, ur partzuergotik nabarmendu dutenez.
Aurten hirugarren edizioa egingo du topaketak, eta euskal start-up enpresen ekosistema bultzatzea du helburu, gazte berritzaileei beren proiektuak garatzen lagunduz. #BBSC edizio bakoitzak kausa bat du ardatz, eta eragin globaleko gaiei buruz kontzientziatzea du xede; oraingoan, berrikuntza irekia izango du ardatz.
Ildo horri jarraikiz, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarentzat berrikuntza "funtsezkoa eta zeharkakoa" da bere jarduera osoan, "hagitz teknifikaturik dagoen eta ezinbestean eraginkorra izan behar duen sektorearen barruan".
"Horregatik, ekitaldi hau soluzio berritzaileak aurkitzeko aukera ezin hobea da, soluzio horiek talentudun gazteen eskutik iritsiko baitzaizkigu. Izan ere, talentudun gazte horiek hiriko uren kudeatzaileek dituzten beharrak ezagutzeko aukera ere izango dute", adierazi dute.