BILBO, 17 (EUROPA PRESS)
Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) ehun urteko musika jarduera biltxen duen erakusketa ibiltaria inauguratu dute ostegun honetan Bilbon. Arriaga antzokiko plazan egongo da ikusgai martxoaren 30a arte, eta jarraian, Bizkaiko Getxo, Barakaldo, Durango, Markina-Xemein, Bermeo, Balmaseda eta Orduñan ere izango da, irailera bitarte.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatuak inauguratu dute Arriaga antzokiaren kanpoaldean jarritako erakusketa, BOSen ehun urteko musika jardunean izandako gertaera historiko nagusiak laburbiltzen dituena.
Ondoren, Arriaga antzokiko atondoan, Bilboko orkestrak agertoki horretan 1922. urteko martxoaren 8an eman zuen lehenbiziko kontzertuaren oroimenezko plaka estalgabetu dute. Ekitaldiaren amaieran, flauta eta harpa bikote batek jo du, Horacio Parravicini eta Marion Desjacques BOSeko musikariek, hain zuzen.
Aburtoren hitzetan, "BOS egungo Bilbo unibertsal eta kosmopolita honen aitzindaria izan da hamarkada askotan, musika gizakiaren handitasunaren adierazpenik bikainenetakoa dela frogatuz".
Ehun urteotan egindako "lan nekaezinagatik" zoriondu ondoren, Aburtok beren-beregi eskertu du "bakea, demokrazia eta askatasunaren aldeko konpromisoari eusten dioten hiri honen eta herri honen enbaxadore gisa" egin duen ahalegina.
BOSen mendeurrena ospatzeko aurreikusitako jarduera programa zabalaren barruan, kontzertuak, hitzaldiak, hiriko horma irudi erraldoi baten sorrera eta komiki oroigarri baten argitalpena ere daude.