BILBOKO ARTELAN BERREGINEN MUSEOA
BILBO 11 Oct. (EUROPA PRESS) -
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoen Bilboko Artelan Berreginen Museoak bisitak antolatu ditu Bizkaiko erretaula erromanista hoberenetara urriaren 16an eta 23an, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen dituen Ondareari buruzko Jardunaldi Europarren barruan.
Berreginen Museoan Michelangelo Buonarrotiren bizitzaren eta lanaren inguruan burutzen ari den aldi baterako erakusketarekin bat etorriz, ekimenak Bizkaiko hiru erretaula erromanista garrantzitsuenak hurbilduko dizkie bisitariei: Zeberioko Olabarriko Santo Tomaseko erretaula nagusia, Durangoko Andra Marikoa eta Deustuko San Pedrokoa, guztiak ere Martin Ruiz de Zubiatek egindakoak.
Erromanismoa Azken Berpizkundearen barruko arte korrontea da, eta bere sustraiak Michelangelok Erroman egindako lanean daude. Hortik datorkio izena. Gaspar Becerrak sartu zuen Espainian, Astorgako Katedraleko Erretaula Nagusiaren bitartez. Bertatik, Pedro Lopez de Gamizek egindako Briviescako Santa Clarako erretaularen bitartez, erromanismoa Penintsulako iparraldetik zabaldu zen, eta eragin berezia izan zuen Euskadin, Errioxan edo Nafarroan.
"Michelangeloren urratsen atzetik" ekimenak, Bizkaiko erretaula erromanista hoberenetakoak lekuan bertan eta dohainik bisitatzeko aukera emango die bisitariei. Bide batez, garai guztietako arteak eman duen pertsonaia garrantzitsuenetakoaren lanaren eragina ulertzeko aukera ere izango dute.
Urriaren 16ko bisita euskaraz izango da, eta urriaren 23koa, berriz, gaztelaniaz. Bi egunetan, bisitariek museoaren gidariaren laguntza izango dute, eta autobusaren irteera goizeko 10:00etarako aurreikusten da, Bilbo Zaharreko Mariaren Bihotzaren Plazatik. Itzulera 13:45 inguruan izango da.