Bilboko Konpartsek Txupinerei dedikatutako abestia aurkeztu dute Xabi Aburruzaga trikitilariarekin

Bilboko Konpartsek Txupinerei dedikatutako abestia aurkeztu dute Xabi Aburruzaga trikitilariarekin.
BILBOKO KONPARTSAK
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 24 agosto 2023 15:37

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Txupineren eguna izan ohi da Aste Nagusiko osteguna, urtero, eta hitzordua baliatu dute ostegun honetan Bilboko Konpartsek Txupineren abestia jendaurrean aurkezteko, abestia konposatu eta grabatu duen Xabi Aburruzaga trikitilariarekin.

Bilboko Konpartsak jakinarazi duenez, Xabier Lapitz kazetariak aurkeztutako ekitaldian, abestiaren inguruko jakingarriak eskaini ditu Aburruzagak, eta txupineren eskutik eskertza jaso du, disko gorri sinboliko baten forman.

Alazne Olabarrieta eta Marije Agirregoitia txupinerek adierazi dutenez, "txupinera izatea oso berezia da, ohorea, gure arteko lotura berezi hori betiko izango dugu. Konplizitatea, urduritasuna, suziriak, kolore gorria... gu guztion nortasunaren parte bihurtzera pasatu da eta guretzako abesti batek sentimentu hori kontatzeak eta transmititzen saiatzeak ilusio handia egiten digu".

Jaietako hiru ikonoetako bat da txupinera, Marijaia eta pregoilariarekin batera. Bilboko Konpartsen ordezkaria, baina Marijaiak ez bezala, orain arte ez zeukan abestirik. Inork egitekoan, Xabi Aburruzaga zen musikaririk aproposena horretarako, izan ere, gaurko ekitaldian kontatu duenez, 15 urte dira trikitilariak txupineren urteroko hitzordu berezi honi musika jartzen diola, Erriberako Merkatura eta lehiaketa gastronomikora egiten duten kalejiran.

Hitza hartu du orduan Aburruzagak, grabaketan parte hartu duten guztiei eskerrak emateko: Aiora Renteria, Itziar Ituño, Maria Rivero, Naroa Gaintza, Ylenia Baglietto, Miren De Miguel, Irati Bilbao eta La Basu abeslari moduan aritzeagatik, baina baita musikariei eta Iñaki Aurrekoetxea letragileari.

Kantuaren sorkuntzan "errudun handi bat" dagoela esan du Aburruzagak, Enrique Bosque, (jai arloko udal teknikaria), berak proposatu baitzuen hasieran txupinerei abesti bat egitea. Proiektua urte batzuetan "gorderik" egon ostean Bilboko Konpartsek hartu dute lekukoa eta emaitza gaurkoan aurkeztu den kantua da.

Txupinerei ere eman dizkie eskerrak "elkarrekin bizi izan ditugun urte eder guzti hauengatik". Izan ere, "honen guztiaren parte izateagatik pribilejiatuta" sentitzen dela esan du trikitilariak. Bilboko Udalari eta "falta diren txupinerei ere" eskerrak eman dizkie egileak, "bereziki, eta kantu honen parte handi bat delako, Lurdesi", gehitu du Aburruzagak. Hain zuen ere, Lurdes Luque Bilboko Konpartsen Federazioko Lehendakaria zena, aurten zendutakoa, gogoan izan du musikariak.

Jarraian, abestia entzun eta suziriak jaurtitzeari ekin diote bertan ziren txupinera guztiek, baina lehenago, omenaldien eta gorazarreen eguna izanik, txupineren sua zaintzen urte luzez ibili den 'Pepillo' maisu artilleroari omenaldi xumea egin diote, zapia lepoan jarrita.

Contenido patrocinado