Bilboko Udalak Aroa 2025-2035 plan estrategikoa abiatu du hiria euskalduntzeko bidean

Archivo - Jendea Bilbon
MITXI - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 7 noviembre 2025 12:52

BILBO 7 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak "beste urrats bat" eman du hiria euskalduntzeko bidean Aroa 2025-2035 plan estrategikoa martxan jarrita, hizkuntza biziberritzeko eta udalean bertan zein hiriko kaleetan euskararen erabilera indartzeko udal konpromiso berria, hain zuzen ere.

Bilboko Udaletik jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak Aroa 2024-2034 esparru estrategikoa onartu zuen 2024ko urtarrilean, euskara biziberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko. Gainerako erakunde publikoen erreferentzia esparrua da, eta, hala, Bilboko Udalak, esparru hori ardatz hartuta, Aroa 2025-2035 Plan Estrategikoa diseinatu du.

Planak lehentasunezko jardun eremu batzuk proposatzen ditu: familia transmisioa, euskara ikasteko erraztasunak eta aukera berriak, haurren eta gazteen gaitasuna eta adierazkortasuna, 16 urtetik beherakoentzako aisia eta kirola, kulturartekotasuna, eremu sozioekonomikoa, biztanleria ahalduntzea eta aktibatzea, eta euskaraz bizitzeko espazio sozio-funtzionalak.

Horrela, Bilboko Udalak "ez du amore ematen" euskararen erabilera hiriko eremu guztietan normalizatzeko eta sustatzeko, bilbotarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen presentzia indartzeko ahaleginean.

Horretarako, herritarrek euskara modu naturalean erabiltzeko aukerak areagotuko ditu, udalaren eta herritarren arteko komunikazio elebiduna bermatuko du, eta euskararen ospe eta balio sozialaren alde egingo du gizarte kohesioko eta kultur aniztasuneko testuinguruan.

Alde batetik, neurriak hartuko ditu euskararen normalizazioprozesuan detektatzen diren gabeziak eta hutsuneak identifikatu eta asebetetzeko, eta bestetik, euskararen normalizazioaren ikuspegitik datozen erronka soziodemografiko eta sozioekonomiko berriei erantzungo die, bilbotarrek euskararekin duten atxikimendua areagotuz eta hiriko egoera zehatza eta bertako ezaugarri bereizgarriak kontuan hartuz.

Bada, 2025-2035 aldirako diseinatutako planak Bilboko Udalaren hizkuntza politikaren norabidea markatuko du datozen hamar urteetarako, bost ardatzen bidez: Gobernantza, Jarrerak/Motibazioak, Ezagutza/Gaitasuna, Erabilera/Interakzioa eta Berrikuntza. Gainera, bi kudeaketa ardatz ditu izango ditu: Ikerketa/Sistematizazioa eta Komunikazioa/Hedapena

LEHENTASUNAK

Bilboko Udalak lehentasunezko lau ardatz landu ditu bereziki. Hasteko, gobernantzari dagokionez, erakunde publikoek "lidergo eredugarria izateko erantzukizuna" dute, bai hizkuntza ohiturei dagokienez, bai eragiteko gaitasunari dagokionez.

Diagnostikoan adierazi bezala, "euskarari zentraltasuna emango dion, hiriaren irudian islatuko den eta herritarrei erreferente argi eta ezaguterrazak emango dizkien ikuspegia" behar du Bilbok. Horretarako, "ezinbestekoa da portaera eredugarriak erakustea eta euskararen presentzia bermatzea erakunde publikoen funtzio eta jardueretan".

Ildo horretan, gobernantzaren ardatzak zeharkakotasunaren ideia nabarmentzen du: euskararen sustapena udal sail eta erakunde guztien ardura da, eta "oso garrantzitsua" da hizkuntza ikuspegia txertatzea sail guztietan garatzen diren proiektu eta jardueretan.

Gobernantzaren eremuan maila eta sektore desberdinen arteko koordinazioa ere indartu nahi da: administrazioak, erakundeko sailak eta egiturak, eta gizarte mugimenduak. "Indarrak batuta, eta kolaborazioari esker, emaitza sendoagoak eta eraginkorragoak lortzen dira", ziurtatu dute.

Bigarrenik, jarrera eta motibazioen ardatzean, euskara ikasteko eta erabiltzeko motibazioa bultzatuko da, norbanakoaren konpromisoa eta herritarren aktibazioa sustatuz. Halaber, euskal kontzientzian eta identitatean eragin nahi da, sentsibilizaziotik abiatuta.

Horri erantzunez, ardatz estrategiko honek bi helburu nagusi ditu: alde batetik, euskararen aldeko jarrerak indartzea eta hiztunen ahalduntzea bultzatzea, eta, bestetik, euskararen eta euskal komunitatearen irudi positiboa eta ikusgarritasuna hobetzea.

EZAGUTZA ETA GAITASUNA

Plan estrategikoaren lehentasunezko hirugarren ardatza ezagutza eta gaitasuna da. Bilboko Udalaren arabera, "ezagutza hutsa ez da nahikoa", eta, beraz, erabilera areagotu nahi bada, "herritarrek euskara eroso, naturaltasunez eta segurtasunez erabiltzeko gaitasuna izan behar dute". "Horixe da Bilboren erronka nagusietako bat", gaineratu dute.

Datuek adierazten dutenez, termino erlatiboetan, hiriko biztanleriaren %30,6 euskalduna da, baina hiru euskaldunetik bik errazago hitz egiten dute gaztelaniaz.

Beraz, ardatz honen helburuak, ezagutza handitzeaz gain, hizkuntza gaitasuna eta erraztasuna indartzea, familia transmisioa sustatzea, haurrekin eta gazteekin ahozkotasuna eta adierazkortasuna lantzea, eta ikasteko aukerak areagotzea dira. Era berean, arreta berezia jarriko da atzerritik datozen pertsonei euskara ikasteko baliabideak eskaintzean.

Azkenik, erabilerarten eta interakzioaren ardatzari dagokionez, Bilboko Udalarentzat garrantzitsua da adierazkortasuna lantzea eta hizkuntza kalean eta harreman informaletan erabiltzeko aukerak zabaltzea. "Bilbok bizigune sozio-funtzionalak behar ditu euskara modu natural eta erosoan erabiltzeko", nabarmendu dute.

Atal honen barruan, lehentasunezko bi arlo identifikatu dira: alde batetik, arlo sozioekonomikoa, non euskararen presentzia areagotzeko ekintzak proposatuko diren, bai eremu publikoan, bai pribatuan, eta, bestetik, aisialdi antolatua eta kirola, non haurren eta 16 urtetik beherako gazteen hizkuntza ohituretan eragin nahi den batez ere, euskararen eskaintza eta erabilera bermatuz.

Gainera, alde batetik, euskarazko hedabideak babestu eta egonkortu nahi dira, eta, bestetik, euskal produktu kulturalak sortu eta ezagutarazi, euskarazko sorkuntza eta sortzaileak sustatu, eta ingurune digitalean espazioak irabazi.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado