Bilboko Udalak bi milioi euro inguru inbertitu ditu udan bere titulartasuneko ikastetxeak hobetzeko

Uribarriko eskola Bilbon
BILBOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 10 septiembre 2026 14:07

BILBO 10 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udaleko Hezkuntza Sailak hainbat lan egin ditu uda honetan bere titulartasuneko ikastetxeetan, eta jarduerarik gutxien dagoen garaia baliatu du instalazioen egoera, funtzionaltasuna eta erosotasuna hobetzeko. Horrela, uztailean eta abuztuan bi milioi euro inguruko lanak egin dira: zenbatekoaren erdia, gutxi gorabehera, kontserbazio eta mantentze lanetara bideratu da, eta beste erdia, inbertsio handiagoetara.

Bilboko Udalakjakinarazi duenez, 46 ikastetxeko sarea du, haur eskolak eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak batuta, eta guztira, 205.000 metro koadro inguruko azalera eraikia dute. Hiriaren azpiegitura sozial, historiko eta kulturala osatzen dute, eta "herritarren zerbitzura dagoen benetako ondare kolektiboa dira". Eskura dagoen aurrekontuaren hamar eurotik ia sei haiek zaintzeko eta hobetzeko erabiltzen dira (%58).

Uda honetako lanak 46 udal ikastetxeetatik 33tan egin dira, bakoitzean antzemandako beharrei erantzuteko. Era askotako esku hartzeak egin dira: espazioak metodologia pedagogiko berrietara egokitu, eta pintura lanak, zoruak berritzekoak, komunen erreforma, ikasgelen egokitzapena, iragazgaizteak eta hainbat eraikuntza elementuren hobekuntza.

Eider Bilbao Hezkuntza Saileko zinegotzi ordezkariak azpimarratu duenez, "gure ikastetxeak behar bezala zaintzea eta mantentzea gure ardura da, eta lehentasuna ere bai. Bilboko ondare sozialaren parte diren eta milaka umeren zerbitzura dauden 205.000 metro koadroko eraikinez ari gara. Horregatik egiten dugu lan modu planifikatuan, ikastetxe bakoitzaren behar zehatzei erantzunez eta udako hilabeteak baliatuz, jarduerari ahalik eta gutxien eragiten dioten lanak egiteko".

Uda honetan egindako lanen artean daude Cervantes HLHIn psikomotrizitate gela berritzea eta pintura lanak egitea; Basurtuko eta Miribillako ikasgeletan PVCzko zoruak jartzea eta margotzea; Luis Briñas-Santutxun komunak berritzea eta pintura lanak egitea; Indautxun patioko hesia birgaitzea eta hezetasunak konpontzea; Intxixu Ikastolan ikasgelak egokitzea; Otxarkoagan sabai aizuna berritzea. Arangoitin, Birjinetxen, Iruartetan, Txurdinagan, Zurbaranen eta Deustuko Ikastolan ere pintura lanak egin dira.

Lan horiez gain, aurrekontu propioa duten neurri handiagoko obrak ere egin dira, hainbat ikastetxeren behar zehatzei erantzuteko. Inbertsio horiek, guztira, milioi bat eurotik gorakoak izan dira. Besteak beste, Arangoitiko gimnasioko estalkia hobetu da, Viuda de Epalzan eta Elejabarrin leihoak aldatu dira, eta Basurtuko ekitaldi aretoa hobetu da.

Programak eraikinen segurtasuna, eraginkortasuna eta babesa indartzeko lanak ere bildu ditu. Horrela, hilabeteotan, bizi lerroak jarri dira hainbat ikastetxe eta haur eskolatan, estalkiak iragazgaiztu dira San Ignazion eta Indautxun, eta leihoetan nahiz fatxadako elementuetan esku hartu da. Uribarrin, gimnasioko fatxada eta leihoak birgaitzeko lanek irailean jarraituko dute.

INBERTSIOAK 2024TIK

Uda honetan egindako lanak Bilboko Udaleko Hezkuntza Sailak 2024tik egiten ari den inbertsio ahalegin handiagoaren barruan daude, ikastetxe sare zabal horren beharrei erantzuteko helburuarekin.

Eider Bilbaok nabarmendu duenez, "gure helburua ikastetxeek espazio seguruak, erosoak eta egungo beharretara egokituak izatea da. Sare oso zabala eta askotarikoa dugu; beraz, erantzuna errealitate bakoitzera egokitu behar da. Epe labur, ertain eta luzeko plangintzarekin lanean jarraituko dugu, sortzen diren beharrei erantzuteko".

Plangintzaren abiapuntua ikastetxe bakoitzean antzemandako beharrak eta hezkuntza komunitateek helarazitako eskaerak dira. Udako aldian lanen zati handi bat batera egin daiteke, ohiko jardunean ahalik eta eragin txikiena izateko.

Hezkuntza Sailak, beraz, ikastetxeetan egin beharreko lanen etengabeko plangintzari eutsi dio, eta mantentze eta hobekuntza lanak tamaina handiagoko proiektuekin uztartu ditu, instalazioen sare erosoago, seguruago eta funtzionalago baterantz aurrera egiteko, egungo beharretara egokituta.

Contador

Contenido patrocinado