BILBO, 6 (EUROPA PRESS)
Bilboko Udalak Haurreskolak Partzuergoarekin lankidetza protokolo orokorra sinatzea onartu du, hirian 0 eta 2 urte bitarteko zikloko haur hezkuntzako 195 plaza berri sortzeko, "hezkuntza goiztiar publikoa eta doakoa unibertsalizatzeko bidean".
Eider Bilbao Bilboko Hezkuntza Saileko zinegotzi ordezkariak adierazi du bere arloak udal agintaldiko planean hartutako konpromisoetako bati erantzuten diola akordioak.
Horri esker, bere iritziz, "doako hezkuntza goiztiar publikoaren unibertsalizaziorantz goaz, familiei plaza gehiago eskainiz eta hezkuntza adin txikietatik eskuratzea erraztuz".
Proiektuak hezkuntza eskaintza zabalduko du 0 eta 2 urte bitarteko zikloan, lehendik dauden ikastetxeetan lau haur eskola zabalduz eta berri bat eraikiz. Ekimenak Next Generation Funtsen Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren finantzaketa du.
Hain zuzen, San Ignazioko HLHIn hiru gela berri prestatu dira (39 plaza berri), eta otsailean ireki dira; Elejabarri HLHIn, lau gela izatetik se izatera pasako dira (26 plaza berri, egun eraikitzen); Zamakola HLHIn, lautik zortzira igaro dira (52 plaza berri), eta abenduan bukatzea aurreikusi da; Txurdinagako HLHIn lau gela izango dituen haur eskola berria sortuko da (52 plaza berri), eta abenduan bukatzea aurreikusi dute.
Era berean, Bilboko Udalak haur eskola berri bat eraikiko du Ametzolan bere funtsekin, eta 26 plaza izango ditu bi gelatan. 2026ko azken hiruhilekoan bukatzea aurreikusi da.