Bizenta Mogelen 'Ipui onac' irakurriko dute Bilbo Zaharra euskaltegiaren klasikoen irakurketa jarraituan

Bizenta Mogelen 'Ipui onac' irakurriko dute Bilbo Zaharra euskaltegiaren klasikoen irakurketa jarraituan
BILBOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 3 junio 2025 12:51

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Bilbo Zaharra urtero antolatzen duen klasikoen irakurketa jarraitua egingo da ostegunean, ekainaren 5ean, eta emakume batek euskaraz argitaratutako lehenbiziko liburua izango da protagonista: Bizenta Mogelen 'Ipui onac'.

Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin antolaturiko ekimena Arriaga antzokian egingo da, eta ehunka pertsona txandakatuko dira 08:00etatik 14:00etara Mogelek 1804an argitaratutako liburua irakurtzeko, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Arriaga antzokian bertan egin da astearte honetan ekimenaren aurkezpena, eta Arantza Camarero Bilbo Zaharra euskaltegiko ordezkariak, Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Alvaro Parro Laboral Kutxako ordezkariak eta Nerea Ibarzabal bertsolari, idazle eta kazetariak parte hartu dute.

Bizenta Mogelek Esoporen 50 alegia euskaratu zituen latinetik 1804an. Orduan ez zen ohikoa emakumeek irakurtzen jakitea, are gutxiago latina ikastea, eta lan horrekin, euskarazko liburu bat argitaratu zuen lehen emakumea bihurtu zen Mogel, 22 urte zituela.

Hain zuzen, hori da Bilbo Zaharra euskaltegiak aurtengo irakurraldi jarraitua egiteko 'Ipui onac' aukeratu izanaren arrazoietako bat; horrez gain, euskal literatura europar literatura klasikoarekin lotzen duen obra bat dela eta alegien literatura generokoa dela nabarmendu dute.

Bizenta Mogel Elgezabal (Azkoitia, 1782 - Abando, 1854) kultur ekintzaile aitzindaria izan zen. Azkoitian jaio bazen ere, Markinan hazi zen, aita hil zenean familia bertara lekualdatu baitzen. Han bizi izan zen 1817ra arte. 'Ipui onac' argitaratzeaz gain, bertso sorta batzuk idatzi zituen.

Nerea Ibarzabal izango da irtakurraldia hasteko arduraduna ostegunean, 08:00etan. Bizenta Mogelek bezala, Zumarragan jaiotako bertsolariak ere Markinan eman zuen gaztaroa.

Ibarzabalen atzetik 200 pertsona inguru txandakatuko dira goiz osoan Arriaga antzokiko foyerrean jarriko den mikrofonoaren aurrean. Ohikoa denez, euskal gizartearen eremu guztietako ordezkariek parte hartuko dute, besteak beste, kultur eta gizarte eragileek, ikasle eta irakasleek, eta erakunde, elkarte eta sindikatuetako ordezkariek.

Gainera, zuzeneko irakurketa bideo-proiekzioekin txandakatuko da; bideo horietan, Bilboko institutuetako ikasleak irakurtzen agertuko dira, baita diasporako kideak eta munduan zehar dauden 50 euskal etxeetako euskara ikasleak ere. Horrez gain, beste 50 boluntariok parte hartu dute ekitaldiaren antolaketan.

Ekitaldia zuzenean ikusi ahalko da Arriagako plazan jarritako pantaila erraldoi batean eta EITBren webgunean. Abandoko eta Zazpikaleetako metro geltokietan aurreko edizioetako argazki eta kartelak ikusi ahalko ditugu egunotan.

18 URTE

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen klasikoen irakurketa jarraituak 18 urte beteko ditu aurten, Bizenta Mogelen 'Ipui onac' irakurriz.

Aurreko edizioetan, 'Gero' (Axular), 'Peru Abarca' (Mogel), 'Haur besoetakoa' (Mirande), 'Hamaika pauso' (Saizarbitoria), 'Zergatik panpox' (Arantxa Urretabizkaia), 'Obabakoak' (Atxaga), 'Harri eta herri' (Gabriel Aresti), 'Narrazio Guztiak' (Sarrionandia), 'Metamorfosia' (Kafka), '%100 Basque' (Itxaro Borda), 'Kresala' (Txomin Agirre), 'Otto Pette' (Anjel Lertxundi), 'Ipuin hautatuak' (Mariasun Landa), 'Linguae Vasconum Primitiae' (Beñat Etxepare), 'Martutene' (Ramon Saizarbitoria), 'Kristalezko begi bat' (Miren Agur Meabe) eta 'Bilbao-New York-Bilbao' (K. Uribe) irakurri dira.

Sortu zenetik 50 urte baino gehiago igaro direla, Bilbo Zaharra euskaltegia Bizkaiko hiriburuko bihotzean kokatutako "euskaltegi bat baino zerbait gehiago da". Horren adibide dira bere ekimenak, besteak beste, Gorozikako barnetegia, 'Barra-barra' aldizkaria, itzulpen-zerbitzua, Berbaldun taldea edota Bilbo Zaharra foruma.

Klasikoen irakurraldi jarraituaren proiektuak bi helburu nagusi ditu: alde batetik, herritarren artean euskal kultura sustatzea eta hari ospea ematea, eta, bestetik, ikasleek euskara ikasteko egindako ahalegina saritzea. Horregatik, irakurketa hau ikasturtearen amaieran egiten da, euskara ikasleen jaiaren testuinguruan.

Contenido patrocinado