Bizitza osoan pertsonen autonomia bermatuko duen mugikortasunaren aldeko apustua egin du Gasteizko Udalak

Korrika eta bizikletan
GASTEIZKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 10 septiembre 2026 12:10

GASTEIZ 10 (EUROPA PRESS)

Gasteizek Mugikortasunaren Europako Astearen aurtengo edizioa ospatuko du irailaren 15etik 22ra, mugitzeko modu jasangarriagoak, osasungarriagoak eta seguruagoak sustatzeko jarduera programarekin, eta, 'Mugikortasuna guztiontzat' lelopean, mugikortasuna autonomiatik eta pertsonek bizitzako etapa guztietan dituzten beharretatik abiatuta pentsatzera bultzatzeko gonbidapena ere izango da.

Beatriz Artolazabal alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak aurkezpenean nabarmendu duenez, planteamendu hori "erabat bat dator eraikitzen jarraitu nahi dugun hiriarekin". "Kale bat diseinatzen dugunean, espaloi bat zabaltzen dugunean, bidegurutze bat seguruago egiten dugunean edo garraio publikoa hobetzen dugunean, pertsona guztiengan pentsatu behar dugu: autonomiaz mugitzen hasi berri den haur batengan eta bere bizitza independentziaz egiten jarraitu nahi duen adineko pertsona batengan. Hiri segurua, erosoa eta atsegina txikienentzat eta adinekoentzat, hiri hobea da guztiontzat", adierazi du.

Artolazabalek gogorarazi du Mugikortasunaren Europako Astea "aukera bikaina" dela sentsibilizatzeko eta ohitura aldaketak bultzatzeko, nahiz eta "Gasteizko mugikortasunaren eraldaketa urteko 365 egunetan eraikitzen den, garraio publikoa hobetuz, oinez eta bizikletaz egiten diren joan-etorriak erraztuz, irisgarritasunean aurrera eginez eta espazio publikoa pertsonentzat berreskuratuz".

Bada, Mugikortasunaren Europa Astearen programazioa irailaren 15ean hasiko da Gasteizen eta lehenengo hiru egunetan Lakua, Salburu eta Zabalgana auzoetan bizikleta gaineko ginkanak egingo dira. Hilaren 18an, familientzako martxa egingo da bizikletaz, Konstituzio plazatik abiatuta; helmuga Andre Maria Zuriaren plazan egongo da eta, bertan, hirian garatzen ari diren mugikortasun jasangarriko hainbat proiekturi buruzko erakusketa bisitatu ahal izango da.

Hitzordu nagusietako bat irailaren 19an izango da, Pedalkada Herrikoi Handiaren hirugarren edizioarekin. Ekimena Andre Maria Zuriaren plazan egingo da beste behin, 12:00etatik 14:00etara, eta, jardueraren bidez, modu bisualean egiaztatu ahal izango da zer CO2 emisio saihesten diren errekuntza ibilgailuaren ordez bizikleta erabiltzen denean. Gainera, mugikortasun jasangarriarekin, birziklapenarekin eta ekologiarekin lotutako haurrentzako tailerrak, proiektuen erakusketa bat, marrazki lehiaketa eta bizikleten zozketa ere egingo dira.

Beste une nabarmenetako bat irailaren 22an izango da, Mercedarias ikastetxearen inguruan, Biasteriko Taldearen kalean. Udalak espazio hori aukeratu du auzoko obren ondoren egindako eraldaketari balioa emateko, eta, horri esker, egunero ikastetxera joaten diren haurrentzat ingurune seguruagoa eta atseginagoa eratu ahal izan da. Goizean, bizikletekin jarduerak, haurrentzako tailerrak eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako beste proposamen batzuk egingo dira ikastetxeko ikasleentzat.

Artolazabalek eskola inguruneek espazio publikoaren eraldaketaren barruan duten balioa nabarmendu du: "Mugikortasuna ez da bakarrik autoz, autobusez, bizikletaz edo oinez goazen erabakitzea. Gure kaleak nola diseinatzen ditugun ere bada, zenbat leku ematen diogun ibiltzen denari, eta gure haurrek autonomia irabaztea eta gure adineko pertsonek autonomia hori ez galtzea lortzen ote dugun. Hori ere pertsona guztientzako hiria eraikitzea da".

AUTORIK GABEKO EGUNA

Era berean, urtero bezala, irailaren 22an Autorik Gabeko Eguna ere ospatuko da, eta egun horretan garraio publikoa doakoa izango da hiri autobusetan eta tranbian eta taxian hiru euroko deskontu bonuak izango dira. MugiBike sistemako alokairuko udal bizikletek ere %50eko deskontua izango dute egun osoan, eta ibilbide bakoitzeko lehen 30 minutuetan automatikoki aplikatuko da: 0,49 euro, ohiko 0,99 euroen ordez.

Autorik Gabeko Egunaren helburua da herritarrak animatzea ahal den guztietan ibilgailu pribatua uztera eta eguneroko joan-etorrietarako beste aukera batzuk probatzera.

"Emisio gutxiago, kutsadura gutxiago eta zarata gutxiago nahi dugu, baina mugikortasun jasangarria osasuna, segurtasuna, autonomia eta bizi kalitatea ere badira. Gure bizitzako etapa guztietan hobeto mugitzeko moduko Gasteiz nahi dugu. Azken batean, pertsona guztientzat pentsatutako hiria", esan du Artolazabalek.

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado