Bizkaiko Aldundiak 12.110 milioi euroko aurrekontua onartu du 2027rako, aurtengoa baino ia %7 gehiago

Elixabete Etxanobe eta Itxaso Berrojalbiz
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 30 octubre 2026 15:32

BILBO 30 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiak lurralde historikoko 2027ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren Foru Arauaren proiektua onetsi du, 12.110,1 milioi eurokoa, hain zuzen ere. Beraz, datorren urteko aurrekontuan 2026ko ekitaldikoan baino 789,8 milioi euro gehiago daude, hau da, %6,98ko gehikuntza.

Elixabete Etxanobek ahaldun nagusiak aurkeztu du orain Batzar Nagusietan izapidetzen hasiko den aurrekontu proiektua. Nabarmendu duenez "zifra horien handitasunak historiako aurrekonturik handienaz hitz egiteko tentazioa ekar diezaguke, baina, adierazpen triunfalistetatik urrun, aurrekontu hori zalantzazko testuinguru global batean kudeatzeko erantzukizunean jarri nahi dut arreta. Testuinguru horretan, kanpoko erabakiek edo gertaerek zuzenean eragin diezaiokete gure ehun ekonomiko eta sozialari".

Egoera horri aurre egiteko, bere hitzetan, "Bizkaiak etxeko lanak eginda ditu, indartsu, ehun ekonomiko aktibo eta lehiakor batekin, ahalik eta enplegu gehienarekin eta kontuak onbideratuta dituzten erakundeekin". Hori dela eta, Bizkako diputatu nagusiak adierazi du aurrekontua "indargune horietatik" egin dutela, "testuinguru globala kontuan hartuta eta ongizatearen estatua indartzeari begira".

Gaineratu duenez, "2027rako erabilgarri dagoen aurrekontua 2.351 milioi eurokoa da, eta gehiena babes eta kohesio soziala, jarduera ekonomikoa eta enplegua, garraio publikoa eta lurralde kohesioa indartzera bideratuko da".

Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatu Itxaso Berrojalbizek xehatu ditu aurrekontu proiektuko kontu nagusiak. Hasteko, diru sarreren gehikuntzaz aritu da. 2027ko ekitaldirako aurreikuspen ekonomikoetan oinarrituta, zerga itunduen bitartez 11.748,7 milioi euro biltzea aurreikusi da, hau da, 2026ko aurrekontuan baino %7,29 gehiago.

Diru sarreren kapitulu honetan, zerga itunduen bidez bilduko da datorren ekitaldian Bizkaiak izango dituen finantzabideen %97. Gainera, Aldundiak hurrengo ekitaldirako 255 milioi euroko diru sarrera propioak izateko eta 106,3 milioi euroko zorra jaulkitzeko asmoa dauka, aurreko ekitaldian baino ia 76,4 milioi gutxiago.

Gastu konprometituen atalean, konpromiso instituzionalen kontu sail guztiak handitu dira 2026. urtearekin alderatuta. Guztira, 9758,4 milioi euro dira, hau da, aurreko ekitaldian baino 687 milioi euro gehiago (+%7,57). Bereziki nabarmentzekoak dira Jaurlaritzarentzako 7648,3 milioi euroko ekarpena, kupoari dagozkion 761,3 milioi euroak eta Bizkaiko 113 udalak finantzatzera bideratutako 1337,8 milioi euroak. Langile gastuetarako kontusaila %1,37 gehitu da, eta %1,95 handitu da zor publikoaren amortizaziorako kopurua.

GASTUAK

Gastuen atalean, erakunde konpromisoak eta gastuak kontabilizazioa egin ostean, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatuko duen aurrekontua 2.351,6 milioi eurokoa izango da, 2026ko ekitaldian baino 104,2 milioi gehiago. Horri langileen gastua, zorra eta ordainketa kreditu orokorra kentzen bazaizkio, sailek eskura edukiko dutenaren hazkundea %5,15 izango da, 1.806,7 milioi eurora iritsiko baita, eta hori aurreko ekitaldian baino 88,6 milioi euro gehiago izango da.

Ohikoa den moduan, gastu sozialak izango du pisu gehien aurrekontuen proiektuan, 906,4 milioi euro jasoko baititu guztira. Horietatik, 814 milioi euro Gizarte Ekintzara bideratuko dira, eta 92,4 milioi euro Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailera.

Datorren urteko aurrekontuan, bederatzi sailetan banatuta, zenbait inbertsio egingo dira Bizkaiko lurralde oreka sendotzeko (257 milioi euro bideratuko dira azpiegituretarako eta lurralde garapenerako) eta garraioak, mugikortasuna eta turismoa sustatzeko (232 milioi euro). Horrez gain, inbertsioak egingo dira jarduera ekonomikoa, ekintzailetza eta berrikuntza bultzatzeko (80,5 milioi), eta lehen sektorearen alde egingo da Ingurune Naturala eta Nekazaritza Zaintzeko Sailera bideratutako 81 milioi euroei esker.

Foru diputatuak beren sailen aurrekontua azaltzen hasiko dira datorren asteazkenetik, azaroaren 4tik, Batzar Nagusietako batzorde informatiboetan. Aurrekontua onesteko osoko bilkura abendu amaieran izango da.

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado