BILBO 10 Jul. (EUROPA PRESS) -
Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza Saila laguntza-dekretu bat ari da prestatzen, Urduñako Udalari 251.313 euroko laguntza emateko, bere zorpetzea gutxitzen laguntzeko eta egoera ekonomikoa onbideratzeko. Dekretuaren testua datorren asteko Gobernu Kontseiluan aurkeztuko da eta, horrela, beste pauso bat emango du Bizkaiko Foru Aldundiak egoerarik txarrenean dauden udalei laguntzeko bidean.
Urduñaren kasuan, Udalak ez zituen bete aurreko dekretuko laguntzak jaso ahal izateko baldintzak eta aurkeztutako saneamendu-planak ez zuen udal kontu-hartzailearen oniritzi. Halere, azken aukera eman nahi dio Bizkaiko Foru Aldundiak eta 251.313 euro hauek eta 300.000 euroko beste diru-laguntza bat eskuratu ahal izango ditu, 2013an ordaindu ahal izateko Urduñaederra sozietateak dituen zorrak.
Lehendakaritzako foru diputatu eta Aldundiko bozeramaile Unai Rementeriak berretsi du foru erakundea "beti" egon dela "laguntzeko prest", baina laguntza hori behar dutenek "ekonomia saneatzeko plan errealak" aurkeztu behar dituztela eta plan horiek udalaren onespena izan behar dutela ohartarazi du, bai eta udal kontu-hartzailearen aldeko txostena eta Aldundiko teknikarien oniritzia ere.
Rementeriak azaldu duenez, Urduñako Udalak eta udal sozietate horrek duten zorraren irtenbide globala Udalaren beraren eta bertako agintarien eskuetan dago eta, beraz, "ez dute saiatu behar beren erantzukizuna beste administrazio batzuei edo bizkaitarrei leporatzen".