BILBO 8 (EUROPA PRESS)
Bizkaiko Foru Aldundiak euskarazko 450 liburu bidali ditu AEBetako Boiseko Ikastolara, bertako ikasleek, batez ere 3-6 urteko umeek, euskara ikasteko, erabiltzeko eta euskal kulturarekin duten lotura sendotzeko baliabide gehiago izan ditzaten. Bidalitako materialaren artean daude euskaraz abesteko kantutegiak, herri ipuinak, Euskal Herriko historiari buruzko kontakizunak eta emozioak lantzeko liburuak.
Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak sustatu du, Euskararen Etxearen laguntzarekin, eta liburuak hainbat eragileren ekarpenari esker batu dira, besteak beste, Elkar Fundazioaren, Uztarri Kultur Taldearen, Labayru Fundazioaren eta Euskal Herriko Ikastolen laguntzari esker.
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak nabarmendu duenez, "Bizkaiak arreta berezia eskaintzen dio diasporarekin duen loturari. Guretzat funtsezkoa da euskal kulturarekiko eta euskararekiko harremana bizirik mantentzea eta indartzea. Horregatik, garrantzitsua iruditu zaigu Boiseko Ikastolak euskarazko material gehiago izatea, bertako umeek euskaraz ikasi, jolastu eta bizitzeko aukera gehiago izan ditzaten. Era berean, gure esker ona adierazi gura diegu eragile guztiei eta Euskararen Etxeko lankideei, ekimen hau bideratu ahal izateko erakutsitako aldez aurretiko jarreragatik".
Boiseko Ikastolako zuzendari Ane Goenaga Odriozolak eskerrak eman ditu jasotako material didaktikoagatik: "Aurreko astean hasi genuen ikasturte berria, eta dagoeneko irakasleak material guztia antolatzen ari dira. Baliabideak zoragarriak dira, eta oso esanguratsuak izango dira gure ikastolarentzat, euskaraz jolasteko eta bizitzeko aukera gehiago izango dugulako".
"Oso garrantzitsua da Boiseko Ikastolan Euskal Herriaren babesa sentitzea, gure arteko loturak sendotzeko modu bikaina baita", gaineratu du Goenagak.
Era berean, Boiseko Ikastolak elkarlanari jarraipena emateko borondatea agertu du, eta liburuen bidalketa "harremanak sendotzen eta elkarlanean segitzeko lehen pausotzat" jo du. Bizkaiko Aldundiak pozik hartu du zabaldutako elkarlanerako bidea, eta aurrerantzean ere ekingo dio diasporarekin dituen loturak sendotzeari.