BILBO, 10 (EUROPA PRESS)
Labayru Fundazioak laugarren urtez antolatu du Botaba egitasmoa, kalean eta lagunartean erabiltzen diren euskal esamoldeen erabilera gazteen artean modu dibertigarri eta ludikoan sustatu eta bultzatzeko asmoz. Aurrekoetan bezala, Instagram sare soziala izango da euskarria (@botabaunibertsoa), ekainetik urtea amaitu arte, baina ekimenaren dinamika "guztiz eraberriturik" dator, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Botaba Erronka bideo lehiaketa bezala sortu zen duela hiru urte. Bideo laburretan esamoldeen erabilera irudikatzeko eskatzen zen aurreko edizioetan; oraingoan, berriz, 'Euskal Esamoldeen Unibertsoa' eratu nahi dute urte osoko ekimen jarraituan.
"Ligatzerakoan, parranda giroan, lagunari adarra jotzeko. Adierazkortasunez jarduteko beharrezko baliabideak jolasaren bitartez ezagutarazi nahi ditugu, parte hartzaileekiko interakzioa sustatuz", adierazi dute.
Eduki didaktikoez gainera, antolatzaileek euskal esamoldeei lotutako erronkak proposatuko dizkiete parte hartzaileei egunero, "euren egunerokoan baliagarriak bezain erabilgarriak izan daitezkeen esaldi eginak eskura ditzaten".
Aurreko urteetan bezala, egitasmoaren oinarria 'Labayru Hiztegi Fraseologikoa' eta bertan baturik dauden esamoldeak izango dira. Aldi berean, antolatzaileek kaleko erabilera naturala ere jaso nahi dute, "erdi ezkutuan dauden esamoldeak agerira ateraz".
Bestalde, aurten ere hainbat aurpegi ezagun batuko dira ekimenera, kolaboratzaile bezala. Esparru desberdinetako euskal pertsonaia erreferenteen kolaborazioa izango da, besteak beste, kirol mundukoak, kultura arlokoak eta komunikazioaren esparrukoak, "lekuan lekuko
esamolde fresko, kolokial eta lagunartekoen berri emateko". "Izan ere, euren ahotik entzundako esamoldeak beti dira lagungarri gazteen artean errazago zabaltzeko", gaineratu dute.
Horrela, astero hainbat proba eta erronka bideratuko dituzte @botabaunibertsoa Instagram kontuan: asmakizunak, hizki-zopak, jolasak, galderak, hieroglifikoak eta abar. Hilean behin zozketak egingo dituzte parte hartzaileen artean, eta gazteen gustu eta zaletasunen araberako sariak banatuko. Gainera, egitasmoak iraun bitartean, aldiro lehiaketatxoak antolatuko dituzte "are sari bereziagoak" irabazteko aukerarekin.