Bronkiolitis akutua itzuli dela dio Osakidetzak, covid-19aren ondorioz bi urte baztertuta izan ondoren

Bronkiolitis akutuaren inguruko jarraibideak.
OSAKIDETZA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 17 octubre 2022 11:16

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Osakidetzak bronkiolitis akutua itzuli dela gogorarazi die herritarrei, covid-19aren ondorioz bi urte baztertuta izan ondoren. Bi urtetik beherako haurrei eragiten dien arnas infekzioa da, eta hasieran katarroaren antzeko sintomekin agertzen da, hala nola muki, eztula edo sukarrarekin, egun batzuren buruan beste sintoma batzuk ager daitezkeelarik, besteak beste, arnasa hartzeko zailtasunak, txistuak edo nekea, esne hartzean eragina duena.

Gaitza epidemia moduan eman ohi da urria eta martxoa bitartean, eta intzidentzia maximoa azaroa eta abendua bitartean izaten du. Hala ere, azken bi urteetan, covid-19aren hedapena eragozteko hartutako neurrien ondorioz, bronkiolitis akutuaren kasuak gutxitu egin dira, eta, gainera, gaixotasunaren ohiko hilabeteetatik kanpo agertu dira.

Bada, Osakidetzaren arabera, negua amaitu berri den hego hemisferiotik datozen datuak kontuan hartuta, aurtengo bronkiolitis epidemia ohiko urtaroan gertatuko da, pandemiaren aurreko urteetako antzeko intentsitate eta inpaktuarekin.

Horregatik, Osakidetzak bronkiolitisari buruz informatzeko, hura prebenitzeko eta behar bezala tratatzeko kanpainaren hasieraren berri eman du, eta kutsatzeak prebenitzeko neurriak zorrozten jarraitzea gomendatu. Covid-19a bezalako beste arnas birus batzuen transmisioa eragozteko erabiltzen diren neurri berberak dira.

Bronkiolitisa larriagoa da sei hilabete baino gutxiagoko haurretan, eta kutsatze iturri nagusia haur helduagoak dira, askotan anai-arrebak. Hori dela eta, eskuak maiz garbitzea, leku itxi jendetsuak partekatzea saihestea, barrualdeak aireztatzea, haurra gaixo dagoenean haurtzaindegira edo eskolara ez eramatea edo arnas sintomatologia (katarroak, eztula edo sudurreko mukositatea) duten pertsonek jaioberriak ez bisitatzea garrantzitsuak dira kutsatzeak eragozteko.

4.500 KONTSULTA

Bronkiolitisaren ohiko epidemia batean, Euskadin, epidemiak irauten duen hilabete bakoitzeko 2 urtetik beherako 1.000 umetik 25ek gaixotasun hori izaten dute. Kopuru horiek mediku kontsulten arabera aztertuta, epidemia bakoitzean bronkiolitisaren ondoriozko 4.500 kontsulta artatzen dira Euskadin Lehen Mailako Arretan, eta larrialdiko 2.500 kasu ospitale larrialdietan, 450 ospitaleratzerekin.

Gaur egun ez dago medikazio eraginkorrik gaixotasun hori tratatzeko, baina eskuragarri daude praktika klinikoko gidak, diagnostikoari eta tratamenduari buruzko gomendio uniformeekin. Ildo horretan, Osakidetzako zentro guztiek, hala lehen mailako arretakoek nola ospitaleek, bronkiolitisa duen adingabe batekin egin beharreko jarduketak biltzen dituen asistentzia ibilbide bat dute finkatuta, hasieratik asistentzia homogeneoa bermatzeko.

Horrez gain, Osakidetzak gaixotasunari eta aurre egiteko moduari buruzko informazioa ematen die senideei, idatzizko eta ikus-entzunezko materialaren bidez.

Asistentzia ibilbide horren garapenari esker, bronkiolitisa tratatzeko beharrezkoak ez diren botiken erabilera %75 baino gehiago murriztu ahal izan da, sendagaien erabileraren inguruan zifra oso baxuak mantenduz (%10etik behera), eta familiek gaixotasunari eta bere tratamenduari buruz duten ezagutza areagotu da.

Contenido patrocinado