BILBO 6 May. (EUROPA PRESS) -
Dana Fuchs abeslari estatubatuarrak "Bliss Avenue" izenburuko bere disko berria aurkeztuko du Getxoko (Bizkaia) 25. Nazioarteko Blues Jaialdian. Egungo blues eszenako etorkizun handiko ahotsa da Fuchs, eta uztailaren 19an ariko da Getxo&Blues jaialdian, Algortako Biotz Alai plazan. Jaialdia uztailaren 18tik 20ra eingo da eta kontzertuetarako sarrerak maiatzaren 31tik aurrera egongo dira salgai.
Antolatzaileek adierazi dutnez, Dana Fuchs-ek (1976, New Jersey, AEB) New Yorken hasi zuen jarduera profesionala John Diamond gitarristarekin, Dana Fuchs Band sortuz. Laster hiriko blues klub garrantzitsuenetan jotzen hasi zen, batzuetan artista handiekin, besteak beste, John Popper, James Cotton eta Taj Mahalekin. Garai horretan ere konposatzen hasi zen.
Hasieratik estilo bizia erakutsi du Fuchs-ek eta bere musikan blues, rock eta soul doinuak uztartzen ditu. Etta James eta Aretha Franklin-en mailako artista handiak hartzen ditu oinarri bezala eta kritikariek Janis Joplin handiarekin parekatzen dute. Ildo horretan, artista hori antzeztu zuen Fuchs-ek "Love, Janis" Broadwayko musikalean.
Orain arte hiru disko kaleratu ditu: "Lonely for a Lifetime" (2003), "Live in NYC" (2007) zuzenekoa eta "Love to Beg" (2011). Uztailaren 9an kaleratuko den "Bliss Avenue" gehituko zaio bere diskografiari eta Getxoko jaialdira joango diren zaleek horren kantak gozatzeko aukera izango dute.
Antolatzaileen arabera, Fuchs-en saioak "ikusmin handia" sortuko du, ez bakarrik disko berria aurkeztuko duelako, baizik eta iaz Getxon eskaini behar zuen kontzertua bertan behera utzi behar izan zuelako azken orduan.
"Bliss Avenue" diskoarekin "beste norabide bat" hartu du Fuchs-en jarduerak, baina ez estiloari dagokionez. Disko berriko hitzek, eduki humanistarekin, musikagintzan izan duen bilakaera erakusten dute. Kantek oso istorio pertsonalak kontatzen dituzte, protagonistek sufrimendu handia dute eta zorionaren bila dabiltza, baina hori lortzeko guztiz kontrakoa eragiten duenaz baliatzen dira.