Dantza Plazatan programa asteburu honetan hasiko da Bilbon

Dantza Plazetan larunbatetik Bilbon
BILBOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 26 enero 2017 16:46

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak Dantza Plazatan programa jarriko du abian asteburu honetan, hiriko plazatan egiten diren erromeria tradizionalen, dantza erakusketen eta kalejiren bitartez euskal folklore herrikoia bultzatzeko xedea duen egitasmoa. Hamaseigarren denboraldia izango da, eta dantzariek ikus-entzuleak jaiarekin bat egitera gonbidatuko dituzte dantza tradizionalen partaidetza alderdia berreskuratuz.

Urte osoan zehar Deustu, Ibaiondo, Begoña eta Basurtu-Zorrotzako barrutietan egingo diren 49 ekitaldiak antolatzeko, Bilboko Udaleko Kultura Sailak hiriko zazpi dantza talderen laguntza izan du: Salbatzaile Dantza Taldea, Bihotz Alai Folklore Dantza Taldea, Gaztedi Dantzari Taldea, Ibai-Arte, Ondalan Erraldoien Konpartsa eta Beti Jai Alai. Halaber, Deustuko Folklore Taldeak koordinakundeak eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak ere lagundu dute.

Egitaraua larunbatean hasiko da, urtarrilaren 28an, 20:00etan, Salbatzaile Dantza Taldeak Zazpi Kaleetako Santiagoko plazatxoan egingo duen erromeria tradizionalarekin; erromeria hauek hileko azken larunbatean errepikatuko dira.

Otsailean, bi erromeria egingo dira hilaren 18an. Gainera, Bihotz Alai Folklore Dantza Taldeak erakusketa eskainiko du San Felizisimon eta Ondalan taldeak kalejira egingo du Deustun erraldoiekin, otsailaren 19an.

Halaber, Larrain Dantzaz gozatu ahal izango da aurten ere Areatzan, ekainaren 10ean, eta uztaileko larunbat arratsaldeetan -lehenengo igandean izan ezik, Bilboko Kalealdiko ikuskizunekin bat datorrelako-, dantza erakusketaldiak itzuliko dira Arriaga plazara, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrarekin.

Horrez gain, Dantza Plazetan egitarauak umeentzako lekua ere izango du, martxoaren 4an Santutxuko barrutiko kaleak eta plazak hartuko dituen txikien (eta helduen) taldeen kalejirarekin. Ekainaren 25ean, dagoeneko tradizionala den umeen dantza erakusketa egingo da Aita Donostia plazan.

Erromerien, erakusketen eta kalejiren egutegi osoa www.kulturabarrutik.eus webgunean eta herritarren informaziorako 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke.

Contenido patrocinado