Doluaren poesiari erreparatuko dio IV. Irailekoak poesia jaialdiak Itsasun irailaren 26an eta 27an

IV. Irailekoak poesia jaialdia aurkeztu dute
EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 16 septiembre 2026 15:14

BILBO 16 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak Itsasun (Lapurdi) antolatuko du Irailekoak poesia jaialdiaren laugarren edizioa irailaren 26an eta 27an, eta doluaren poesiari erreparatuko dio. Itsasuko Herriko Etxearekin batera eta Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskal Kultur Erakundearen babesarekin antolatuko da jaialdia, eta olerkari, musikari, itzultzaile eta ikertzaile ugari bilduko dira.

Andres Urrutia euskaltzainburuak, Mizel Hiribarren Itsasuko auzapezak eta Itxaro Borda euskaltzainburuordeak aurkeztu dute IV. Irailekoak jaialdia asteazken honetan, Euskaltzaindiaren Ipar Euskal Herriko ordezkaritzan.

Irailekoak jaialdia "egitasmo nazionala" dela naabarmendu du Andres Urrutiak, "hau da, Euskal Herri osoari begira egindakoa". "Bertan, euskal poeten lana sustatu nahi dugu, sortzaileei plaza bizi eta erakargarri bat eskainiz, beren lanak erakuts ditzaten", adierazi du.

Bestetik, Euskaltzaindiak hastapenetik euskal kultura sustatzeko borondatea agertu duela gogoratu du euskaltzainburuak: "Besteak beste, Euskal Herriko Bertsolarien sei txapelketa nagusi antolatu zituen bere garaian Akademiak, eta EIZIEren eta Euskal Idazleen Elkartearen bultzatu zituen. Berezkoa da Euskaltzaindiarentzat Irailekoak bezalako egitasmo bat antolatu eta aitzinatzea".

Bere aldetik, Mizel Hiribarrenek iradoki du "bizi ditugun garai nahasientzat botika ona" izan daitekeela poesia. "Nahasten ari zaizkigu aroaren zikloak; nagusitzeko mehatxuak agertzen ditu adimen artifizialak; demokraziaren eta askatasunen hegoak ebakiko dizkietela beldurtzen dira gure jendarte modernoak. Irrintzi ozen eta luzeak elkar gaitzala Irailekoetan bihozberak eta odol beroak, izarren argitan olerki baikorrez esperantzaren hauspotzeko", esan du.

Itxaro Bordak jaialdiaren nolakotasunak eta egitaraua aletu ditu. Hasteko, nabarmendu du sarrera libre eta doakoa izango dela ekitaldi guztietara, eta aurtengo edizioan doluaren poesia zaharrari erreparatuko diotela.

Bada, gai horri eutsiz, irailaren 26an heriotzaren aitzineko kanten bilakaera aztertuko du Karine Etcheverry irakasle eta soziolinguistak 'Minaren oihuez, hitzez eta kantuez' mintzaldian, Sanoki aretoan. Ondoren, Peio Ospital eta Mixel Ducauren kontzertua izanen da, leku berean. Jarraian, Gaineko plazan poesia irakurraldia izango da, Marikita Tambourin, Lierni Azkargorta eta Joseba Sarrionandiaren parte hartzearekin, Xabi Etxeberri musikariak girotuta.

Arratsaldean, ohiko irakurraldi ibiltaria izango da, Gaineko plazaren eta elizaren arteko bidetik. Hatsa elkartearen laguntzarekin antolaturiko ekimena da, eta elkarteko poeta ugarik irakurriko dituzte beren lanak, haa nola Auxtin Zamorak, Juankar Lopez-Mugartzak, Matxalen Bezosek, Antton Kazabonek eta Ainara Maiak, Beñat Axiari musikaria lagun dutela. Egugneko egitaraua Atari aretoan bukatuko da, Ekhi Lamberten eta Odei Barrosoren kontzertuarekin.

ABDUL HADI SADOUN

Irailekoak jaialdiak igande goizean jarraituko du. Bordak aurreratu duenez, jaialdian euskal poeten lana gizarteratu nahi da batez ere, baina beste bazter batzuetako poeten lana ahantzi gabe, eta, ildo horretan, Abdul Hadi Sadoun idazle eta itzultzaile irakiarra elkarrizketatuko du Luzien Etxezaharreta idazle eta ohorezko euskaltzainak. Atari aretoan izango da solasaldia.

Zoritxarrez, azken orduko arrazoi pertsonalen ondorioz, ez da Itsasun izango Maram al-Masri poeta siriarra. Hala ere, bere poemak irakurri ahal izango dira 'Iraileko Paperak' aldizkarian, jaialdiaren lekukotza jasotzen duen argitalpenean. Azkenik, Eider Beobideren errezitaldiak itxiko du jaialdiaren laugarren ahalegina, Ibantuta oud musikariaren konpainian.

Abdul Hadi Sadoun idazlea, hispanista eta itzultzailea da, bai eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko arabiar hizkuntza eta literatura irakaslea ere. 2009an, Antonio Machado Beka eman zioten, eta 2016an, aldiz, Salamanca hiriko 'Huésped Distinguido' titulua.

Poesia eta narratiba liburuak idatzi ditu, eta gaztelaniazko poesia arabiarraren zenbait antologiaren editorea da. Bernardo Atxaga, Juan Kruz Igerabide, Miren Agur Meabe edo Julia Otxoa itzuli ditu arabierara, baita poeta galiziar, portugaldar eta munduko beste txoko askotakoak ere. Gaztelaniatik arabierara itzulitako 40 liburu baino gehiago ditu. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak ematen duen Itzulpen Saria (2025) irabazi zuen itzulpegintzan egindako ibilbideagatik.

JARDUERA OSAGARRIAK

Itsasun poesiari presentzia handiagoa emateko, udaldian, garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantzi dira herriko erakusleihoak eta Herriko Etxea bera. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, Jose Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suarez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarniken bertsoak erakutsi dira.

Azkenik, 'Iraileko paperak' aldizkariaren laugarren zenbakia plazaratuko da, oroigarri poetiko gisa. Aurtengo alea Gonzalo Etxebarria margolariaren lanek edertu dute. Jaialdian parte hartzen duten poeta eta ikusleen artean banatuko da argitalpena.

Contador

Contenido patrocinado