Donostiako Kubo Kutxa aretoak 73 erakusketa antolatu ditu duela 20 urte sortu zenetik

Juan Luis Goenaga Kubo Kutxa aretoan.
EUROPA PRESS - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 14 diciembre 2020 13:50

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

Donostiako Kursaal jauregian dagoen Kutxa Fundazioaren Kubo Kutxa aretoak 20 urte beteko ditu asteartean, abenduaren 15ean, 2000ko egun horretan ireki baitzituen ateak Jorge Oteiza eskultoreari eskainitako erakusketa batekin. Ordutik, aretoak 73 erakusketa antolatu ditu.

Arduradunek jakitera eman dutenez, aretoa 2018an iritsi zen 2.000.000 bisitarira, eta une honetan 2.135.000 inguru dira. 2001eko 'Balenciaga. Paristik Donostiara' erakusketa izan da ikusiena 20 urteotan, 97.000 bisitari baino gehiagorekin.

"Kubo Kutxa erreferentziazko erakusketa areto bihurtu da, eta Gipuzkoako kultur bizitzan eskaintza garrantzitsuenetako bat da, publikoaren babes zabala duena. Areto berezi hau hiriko kulturguneetako bat den Kursaalen dago", azaldu dute.

Duela 20 ireki zenetik aretoaren erakusketa ildoa aldatu eta hirian sortutako kultur aldaketa eta egitura berrietara egokitu den arren, aretoaren programazioa aldi baterako erakusketetan oinarrituta dago, eta arte plastikoetan jartzen du arreta, XX. mende hasieratik gaur egunera artekoetan, hain zuzen.

Kubo Kutxa aretorako programazio ildorik garrantzitsuena, Kutxa Fundazioaren beraren ildo estrategikoa den bezala, Gipuzkoako artista handien lana eta ibilbidea babestea, ikusaraztea eta balioestea da.

20 urteotan, Gipuzkoako hainbat artista ospetsuren erakusketa antologikoak antolatu ditu, hala nola Jorge Oteiza, Dario Villalba, Andres Nagel, Josune Amunarriz, Menchu Gal, Bonifacio Alfonso, Eduardo Chillida, Marta Cardenas, Jesus Mari Lazkano, Gonzalo Chillida, Rafael Ruiz Balerdi, Alejandro Garmendia edo egun ikusgai dagoen Juan Luis Goenagarena.

Aretoaren zeregin nagusia hori izanik ere, Kubo Kutxak beti izan du erreferentziazko nazioarteko artea gipuzkoarrei hurbiltzeko kezka. Ildo horretan, Miquel Barceló, Pablo Gargallo, Joan Miró, Marc Chagall, Paloma Navares, Carmen Calvo eta abarri eskainitako erakusketak ere izan dira ikusgai.

Bestalde, 2016an, Kutxa Fundazioak erakusketa proposamena osatu zuen Kutxa Kultur Artegunea sortuz, argazkigintzari eskainitako erakusketa aretoa. "Bi areto horietan egindako programazio zainduak sendotu egiten du gure erakundeak Gipuzkoako esparru artistikoan izan duen leku historiko berezia", nabarmendu dute.

Contenido patrocinado