DONOSTIA 30 Abr. (EUROPA PRESS) -
Donostiarrek aukera dute dagoeneko erroldatze ziurtagiria www.donostia.eus webgunean zuzenean deskargatzeko. Horretarako, beharrezkoa da webgunean sartzeko hiritarren txartela ordenagailuan konektatuta izatea edo B@KQ identifikatze sistemaren bitartez sartzea.
Juan Ramon Viles Donostiako Lehendakaritza eta Gardentasun zinegotziak B@KQ sistema zer den azaldu du astelehen honetan. "Identifikatze eta sinadura sistema elektroniko aurreratu bat da. Oso erraza da erabiltzea eta, horri esker, udalarekin zein Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazioekin harreman telematikoa egin daiteke. Eta sistema erabiltzeko ez da behar inongo softwarerik instalatzea, ezta txartelak irakurtzeko gailurik ere", esan du.
Sistemak sinadura digitala egiteko ziurtagiria atxikita darama. Ziurtagiri hori, erabiltzaile, pasahitz eta koordenada batzuekin batera, hiritarrei aukera emango die udal webgunean on line egin daitezkeen tramiteak egiteko. B@KQ sisteman izena eman nahi duten donostiarrek Udalinfo Arreta zerbitzuaren bulegoetan egin dezakete -Udaletxean, Morlansen eta Altzan-, eta bertan jasoko dute sisteman sartzeko behar duten laguntza.
"Aurrerapauso berri eta erabakiorra da hiritarrekin komunikazio elektronikoa sustatzeko. Eta helburua da e-administrazioa sustatzea eta gero eta zerbitzu gehiago eta hobeago eskaintzea egoitza elektronikoaren bitartez", nabarmendu du Vilesek.
Zinegotziak adierazi du sistema erabiltzen hasi nahi izan dutela erroldatze ziurtagiria deskargatzeko aukera izateko nobedadearekin, hiritarrek udalari egunero gehien eskatzen dioten gauza baita erroldatze ziurtagiria eskuratzea. Ondorioz, ziurtagiria eskuratzeko modu berri hau egun daudenei batuko zaie. Egun, erroldatze ziurtagiria Udalinfon bertaratuta, etxera postaz bidaltzeko eskatuta, eta posta elektronikoz bidaltzeko eskatuta eskuratu daiteke.
BULEGO BIRTUSALA
Gero eta gehiago dira Donostiako Udalari webgunearen Bulego Birtualaren bidez zuzentzen zaizkion donostiarrak. Esaterako, martxoan, udalari egindako eskarien %13,7 (1.500 eskaera gutxi gorabehera) Internet bidez egin ziren.
Gainera, Donostiako Udala pixkanaka joango da tramite gehiago on line egiteko aukera eskaintzen, eta, besteak beste, azkenaldian honakoak gehitu dira: irabazi asmorik gabeko elkarteek diru laguntzak eskatzeko tramitazioa (eskaeren %86,9 Internet bidez) eta jarduera komunikazioak, besteak beste, pisu turistikoen jarduera komunikatzeko tramitazioa (eskaeren %60,7 Internet bidez).
"Behin aurrerapauso garrantzitsu hau emanda, Donostiako Udalak lanean jarraitzen du beste erakundeekin interoperabilitate zerbitzuak jartzeko eta, ondorioz, datuak eskuratu ahal izateko hiritarrei eskatu gabe", azaldu du zinegotziak.
Gaur egun, Donostiako Udalak informazioa partekatzen du Gipuzkoako Foru Ogasunarekin, Lanbiderekin, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekin eta Bidegirekin.