'Dragoiaren gidaria' estreinatuko da ostiral honetan EAEko zinema aretoetan, euskaraz

'Dragoiaren Gidaria' Filmaren Kartela.
ZINEUSKADI
Publicado: viernes, 4 diciembre 2020 10:37

BILBO, 4 Dic. (EUROPA PRESS) -

'Dragoiaren filma' animaziozko film alemana euskaraz estreinatuko da ostiral honetan, abenduaren 4an, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) bederatzi zinema aretotan, Zineuskadi elkarteak sustatutako 'Zinema Euskaraz' programaren barruan.

Itxialdiaren ondoren EAEn euskaraz estreinatuko den laugarren filma da, 'Bihurri', 'Koko, dragoi txikia oihanean' eta 'Startdog & Turbocat' pelikulen ondoren. Horrela, Zineuskadik jarraipena eman dio euskal ikus-entzunezkoen sektorea suspertzeko konpromisoari. Izan ere, gogorarazi duenez, "kontuan izan behar da zinema sektoreari gogor eragin diola covid-19aren pandemiak behartutako geldialdiak".

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak filmak bikoiztea bultzatzen du haur eta gazteentzat, eta euskara sustatzen du zinemagintzan. Testuinguru horretan, berriro jarri da martxan 'Zinema Euskaraz' programa, "zinema aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz".

'Dragoiaren Gidaria' Tomer Eshed-ek zuzendutako filma da, Cornelia Funke idazlearen 'Dragon Rider' liburuan oinarritua. Istorioak Firedrake dragoiaren abenturak kontatzen ditu. Dragoi gaztea da, gizakiengandik basoan ezkutatzen ibili beharraz nekatuta dagoena eta leinuko nagusiei jada benetako dragoia dela erakusteko irrikan dagoena.

Hurrengo zinema areto hauetan estreinatuko da filma: Getxo Zinemak, Gran Cinema Zugaza (Durango), Gorbeia (Gasteiz), Niessen (Errenteria), Príncipe (Donostia), Modelo (Zarautz), Bastero (Andoain), Zelai Aristi Aretoa (Zumarraga) eta Usurbe Antzokia (Beasain).

Era berean, abenduan, 'Zinema Euskaraz' programaren barruan, 'Fabulandiako kronikak' filma iritsiko da aretoetara. Freek Quartier-ek eta Jens Moller-ek zuzendutako filma estilo klasikoko fabula bat da. Buho jaunak, bere zuhaitzetik, Fabulandian gertatzen diren istorio zoragarriak kontatzen dituen tokiko egunkaria irakurtzen du goizero.