EAEko V. Gazte Planaren lehentasuna emantzipazioa bultzatzea izango da, ia 315 milioi euroko aurrekontuarekin

Archivo - Gazteak
YOUNG BUSINESS TALENTS - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 17 octubre 2023 13:09

GASTEIZ, 17 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzaren V. Gazte Planaren lehentasuna gazteen emantzipazioa bultzatzea izango da, eta 2023ko plan operatiboak 263 jarduketa aurreikusi ditu guztira, 314.894.028 euroko aurrekontuarekin.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak V. Gazte Plana aurkeztu du astearte honetan gobernu kontseiluan. Gobernuak gazteen emantzipazioa bultzatzeko, garapena errazteko eta gizarte eraldaketan inplikatzeko hartu dituen neurriak barne hartzen ditu planak.

Jaurlaritzako arduradunen arabera, gazteen emantzipazioarekiko "kezka sakoneko testuinguru batean" kokatzen da plana, eta horrek Jaurlaritzaren "lehentasun estrategiko" bihurtu du. Ildfo horretan, joan den martxoan onartu zuen gazteen emantzipazioa bultzatzeko 2030 Euskal Estrategia.

Emantzipatzeko batez besteko adina aurreratzea lotuta dago gazteen aukerekin, euskal gizartea gaztetzearekin eta belaunaldi arteko eta barruko kohesioarekin, eta Jaurlaritzarentzat "herrialde helburua eta erabateko lehentasuna da".

Zehazki, helburua da 2030ean gazteen emantzipazio tasa %50era hurbiltzen laguntzea, maila horretan kokatzen baita EB-27ko batez bestekoa (%50,6). Emantzipatzeko batez besteko adinari dagokionez, 28 urtetik beherakoa izatea da xedea. Ildo horretan, Jaurlaritzak gazte politika integrala garatzeko eta gazteen emantzipazioa bultzatzeko politika berria sustatzeko hartutako konpromisoari erantzun dio gazte plan berriak.

Gazte Planaren lanketa Euskadiko gazteei buruzko diagnostikoaren ondorioetatik abiatu da, aurreko planaren ebaluazio txostenean identifikatutako erronketatik, hain zuzen. Euskadiko gazteen egoeraren ezaugarri nagusiei erreparatuta, eskola uzte goiztiarraren jaitsiera (2021ean %4,8), langabezia tasaren jaitsiera (2021ean %17,4), erretzaileen jaitsiera (%18,5), garraio publikoaren erabileraren igoera (2021ean %59,33) eta boluntariotzako jardueretako parte hartze mailari eustea (%11,5) moduko indarguneak nabarmendu ditu Jaurlaritzak.

V. Gazte Planak dituen erronken artean, berriz, gazteen enpleguaren kalitatea hobetzea; osasun mental positiboa bultzatzea, osasun fisikoa sustatzea ohitura osasungarriak hartuta, etxebizitza eskuratzeko; jasangarritasunerako eta klima aldaketaren aurkako borrokarako laguntza politiken arloko ahaleginei eustea; aukera berdintasunean, inklusioan eta aniztasunean aurrera egitea; gazteei zuzendutako edo sortutako kultura eskaintza bultzatzea; gazteek politika publikoen formulazioan gehiago parte har dezaten bultzatzea, eta arreta belaunaldien arteko orekan jartzea daude.

EGITURA

Diagnostiko hori oinarri hartuta, V. Gazte Planak lau ardatz estrategiko, 15 esku hartze arlo, 33 helburu eta 73 jarduketa ildo ditu. Lehen ardatza emantzipazioa da (bizitzea), hau da, enplegua, etxebizitza, errenta, kohesioa eta erresilientzia.

Bigarren ardatza gazteen garapena da (gozatzea), hots, osasun integrala, hezkuntza, kultura eta euskara eta aisialdia eta denbora librea. Hirugarren ardatza eragina da (eraldatzea), parte hartzea, berdintasuna, aniztasuna, bizikidetza eta klima aldaketa barne hartuta, eta laugarrena behaketa eta koordinazioa (ezagutza eta lankidetza).

Egitura horren definizioa Jaurlaritzako sailen arteko kontsulta prozesu zabal baten emaitza izan da. Horri esker, gazte politikaren orientazio estrategikoen egokitasuna baliozkotu da eta jarduera esparru berriei buruzko ekarpenak txertatu dira. Beraz, helburu partekatuak biltzen ditu.

Ardatz eta helburu nagusi horiek burutzeko asmoz, 2023ko ekitaldiko plan operatiboa egin da, non Jaurlaritzako zuzendaritzek eta V. Gazte Planean inplikatutako erakundeek aurten garatzen dituzten jarduerak jasotzen diren. Bada, 263 jarduketa aurreikusten ditu guztira, eta 314.894.028 euroko aurrekontua du.

Plan operatiboa lantzeko, zuzendaritza bakoitzak gogoeta egin behar izan du gauzatu beharreko jarduketen multzoa, bideratutako aurrekontua, ebaluazio adierazleak eta lortu beharreko helburua zehazteko garaian, jarraipena eta ebaluazioa egin ahal izateko.

Zehazkiago, emantzipazioaren ardatzean 91 jarduketa sartu dira, 232.295.362 euroko aurrekontuarekin; garapenaren ardatzean 89 (46.206.926 euro), eraginarenean 46 (33.337.500 euro), eta behaketarenean 37 (3.054.239 euro).

Azkenik, V. Gazte Planak Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 17 helburuetatik 12tan laguntzen du, eta horien artean bereziki nabarmentzen dira kalitatezko hezkuntza, genero berdintasuna eta lan duina eta hazkunde ekonomikoa, helburu eta xede komun ugari dituztelako.

 

Contenido patrocinado