Actualizado 06/10/2021 13:35

Eduardo Galeanoren 'Latinoamerikaren zain urratuak' liburuaren euskarazko itzulpena aurkeztu dute

Iñaki Alegria
UEU

DONOSTIA, 6 (EUROPA PRESS)

Eduardo Galeanoren 'Latinoamerikaren zain urratuak' liburua euskarara itzuli du Iñaki Alegriak, eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) argitaratu du Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Kolonialismoaren azterketarako "derrigorrezko" liburu hau euskaraz egotearen garrantzia azpimarratu dute aurkezpenean.

Liburua aurkezteko agerraldeia egin dute asteazken honetan Donostian Iñaki Alegriak berak, Iban Zaldua idazleak eta Zihara Enbeitak UEUko komunikazio taldeko kideak.

Alegriak itzulpena egitearen nahia azaldu du: "Liburua 1985an irakurri nuen eta esaldi batzuk itzuli nituen Komite Internazionalistekin, Nikaragua Sandinistaren testuinguruan, antolatzen ari ginen erakusketa baterako. Eta iruditu zitzaidan liburu horrek euskaraz egon behar zuela. Beste inork egin ez duenez, 35 urte geroago, jubilazioaz baliatuta itzuli dut".

Itzulpena egiteko berrirakurketak "harritu" egin du Alegria, oroimenean liburuaren lehen partea zeukalako (lehengaien eta nekazaritzaren esplotazioarena), baina bigarrenak, mendekotasunaren eta liberalismoaren arteko uztarketaz aritzen denak, duela 50 urte gaur egungo hainbat gai aurreratu zituelako.

"Gauza asko aldatu dira 50 urtetan, baina gehiago dira mantentzen direnak: produktu gutxi batzuekiko mendekotasuna, eliteek egiten duten deskapitalizazioa, kanpotik egindako bipiltzea. Aldaketak aipatzerakoan bi aipatuko nituzke: populazioa hirietara masiboki joatea eta emigrazioa. Euskal Herritik ikusita hemengo enpresak kolonizatzaileago bihurtu zaizkigu (BBVA, Iberdola, CAF); baina seguruena gehien aldatu dena giro politikoa izan da, iraultza baterako itxaropena desagertu delako", azaldu du.

Alegriarentzat liburu hau "funtsezkoa" da munduko historia, politika, ekonomia, soziologia, antropologia eta beste hainbat gairen inguruan aritzeko: "Arrakasta eta eragin handia izan duen liburua da. Esango nuke kolonialismoaren azterketarako derrigorrezko liburua dela. Badakit askok irakurri dutela, baina horiei euskarazko bigarren irakurketarekin harrituko direla esango nieke, Bestetik, unibertsitateko irakasle eta ikasleentzat ezinbesteko liburua iruditzen zait, eta horregatik argitaratu du UEUk".

SAIAKERA

Aegriak azaldu du itzulpen hau egitera animatu dela saiakera bat delako, bera ez baita itzultzaile: "Saiakera aberatsa da estilo aldetik. Hainbat idatz molde erabiltzen ditu Galeanok: deskribapenak, datuak, hausnarketak, bizipenak eta elkarrizketak, aipuak... Eta bibliografia zabal eta zehatza. Molde bakoitza euskarara modu egokian ekartzea izan da nire kezka eta lanaren funtsa".

Bestalde, Enbeitak aipatu duenez, Galeanoren liburua "'irakurri beharreko', 'biblia', 'klasiko' eta antzeko hainbat abizenekin eskutik eskura eta hizkuntzatik hizkuntzara munduan zehar ibili da, eta azkenean, lehen argitalpenaren urrezko ezteietan, euskaraz irakurri ahal izango da, Iñaki Alegriari esker".

Azkenik, Zalduak nabarmendu "liburu militante bat" dela, "munduko eskualde zabal baten kolonizazioaren eta esplotazioaren sustraiak deskribatzen dituena". "Baina, batez ere, historia ekonomikoko dibulgazio liburu bat da, klasiko bihurtu dena, eta, bide horretatik, baita kultura garaikidearen osagarri garrantzitsu ere", esan du.