BILBO, 30 (EUROPA PRESS)
Ertzaintzako Bizkaiko Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak Bilboko Errekalde auzoan ostirasl honetan izandako gertaeraren harira egindako ikerketek diote 43 urteko gizonak bere buruaz beste egin duela aizto bat erabilita, emakumeari eraso egin eta 13 urteko alaba hil ondoren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Gizonaren eta adingabearen gorpuak ostiral honetako goizaldean agertu dira Bilboko Errekaldeko auzoko beren etxean, biek ala biek indarkeria zantzuekin. Gainera, adingabearen ama osasun zentro batera eraman dute, zauriak baitzituen.
Bilboko Udaltzaingoak 05:08an eman dio abisua Ertzaintzari, Errekalde auzoko etxebizitza batetik atera zen eta zaurituta zegoen emakume batek laguntza behar zuela jakin ondoren. Antza denez, genero indarkeriako eta familia indarkeriako gertakari larri bat gertatzen ari zen etxean, bere bikotekidea eta bien alaba bertan zeudela.
Udaltzainek biktimari lagundu diote eta erasoa gertatu den etxebizitzara joan dira, eta hilda zeuden bi pertsonak aurkitu dituzte, neskatoa eta gizona, alegia. Ustez arma zuriz egindako indarkeria zantzuak zituzten biek. Zauritutako emakumea Basurtuko ospitalera eraman dute.
Bada, lehen ikerketen ondoren, eta autopsiarik egiteko zain, Ertzaintzako Bizkaiko Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak egindako ikerketek adierazten dute gizonak bere buruaz beste egin duela aizto bat erabilita, emakumeari eraso egin eta adingabea hil ondoren.