BILBO 9 Ene. (EUROPA PRESS) -
Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, larunbatean, urtarrilaren 10ean, eguraldi dotorea izango da. Aldaketa handirik ez dugu espero. Egunsentiko behe-lainoen ostean, eguzkia bistaratuko da eta zerua txukun mantenduko da ia egun guztian. Iluntzerako haizea mendebal-ipar-mendebaldera aldatuko da eta igandean gaineratuko zaigun fronteari loturiko hodeiguneak iritsiz joango dira.
Eguna hotzetik esnatuko bada ere, barnealdeko hainbat txokotan zeropeko balioekin, gerora epeltasuna ekarriko du hego ukituko haizeak eta beroenak 16-17 gradura gerturatuko dira kostaldean eta 13-15 gradu artean geldituko dira barnealdean. Hiriburuetan, Bilbon 7 gradu espero dira gutxienez eta 17 gehienez, Donostian 7 gutxienez eta 16 gehienez, Gasteizen 0 gutxienez eta 13 gehienez, eta Iruñean 3 gutxienez eta 14 gehienez.
Itsasoan mendebal/hego-mendebaldeko haizea ibiliko da 2-3ko indarrarekin eta arratsaldean ipar-mendebaldeko tarteekin, eta itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 2,5-3 metro inguruko olatuak altxatuko ditu. Uraren tenperatura 13-14 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da.