BILBO 11 Mar. (EUROPA PRESS) -
Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, larunbatean, martxoaren 12an, hobetzeko joerari eutsiko dio, aldaketak oso poliki etorriko diren arren. Ipar partean lainopean jarraituko dugu eta noizean behin tantaren bat edo beste botako du, batez ere goizean. Elur kota, goizaldean 700-800 metrora jaitsi daiteke, baina apenas espero dugun prezipitazioa eta gainera elur maila igotzen joango da. Hegoaldean, berriz, ateri eutsiko dio eta giroa argiagoa izango da.
Tenperaturan ez dugu aldaketarik espero behar eta hotzetik jarraituko du; gainera, haizea iparraldetik sartuko da eta ziertzoak traba egingo du hegoaldean. Hiriburuetan, Bilbon 8 gradu espero dira gutxienez eta 13 gehienez, Donostian 6 gutxienez eta 12 gehienez, Gasteizen 2 gutxienez eta 10 gehienez, eta Iruñean 1 gutxienez eta 11 gehienez.
Itsasoan ipar-osagaiko haizea ibiliko da, 3ko indarrarekin eta 4ko tarte batzuekin, eta itsaskirria eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1-1,5 metro arteko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 05:44an eta 18:04an izango dira, eta itsasbehera 11:52an. Uraren tenperatura 12 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da.