Eguraldia.- Itxura polita hartuko du eta tenperatura apur bat igoko da larunbat honetan

Zeru garbia
EUROPA PRESS
Europa Press País Vasco
Publicado: sábado, 24 mayo 2025 7:05

BILBO 24 May. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, larunbat honetan, maiatzaren 24an, itxura polita hartuko du eguraldiak eta tenperaturak apur bat gora egingo du.

Goizaldean behe-lainoa sor daiteke eta Kantauri isurialdeko hainbat bailaratan behe-hodei dezenterekin esnatuko da eguna, batez ere ekialdean. Alabaina, goizean hodeitza saretuz joango da, eguzkitsu gelditu arte.

Haizea ahul ibiliko da eta eguerditik aurrera ipar ukitua hartuko du. Tenperatura maximoak 18-22 gradu artekoak izango dira. Hiriburuetan, Baionan 12 gradu espero dira gutxienez eta 20 gehienez, Bilbon 12 gutxienez eta 21 gehienez, Donostian 11 gutxienez eta 19 gehienez, Gasteizen 7 gutxienez eta 22 gehienez eta Iruñean 9 gutxienez eta 21 gehienez.

Itsasbazterrean mendebal/hego-mendebaldeko haizea ibiliko da 2-3ko indarrarekin, egunaren erdiko orduetan ipar/ipar-ekialdetik finkatuko da, eta egunaren amaieran norabide aldakorrekoa izango da; itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du.

Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 0,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 02:51n eta 15:22an izango dira, eta itsasbehereak 08:58an eta 21:23an. Uraren tenperatura 16 gradukoa da eta ikuspena hamar kilometrotik gorakoa izango da.

Contenido patrocinado