BILBO 23 (EUROPA PRESS)
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) kolektiboak manifestazioa egingo du abenduaren 5ean Durangoko (Bizkaia) Landako gunetik hasita, 'Euskara hizkuntza antifaxista' lelopean, euskara hizkuntza antifaxista gisa aldarrikatzeko, bere ordezkariek Durangon bertan asteazken honetan egindako agerraldian iragarri dutenez.
Gogorarazi dutenez, orain bi urte, "hizkuntza larrialdi alarma" jo zuten, "ez inondik hil kanpai moduan, alderantziz, iratzartzeko dei gisa". Hala, "pizkundearen aldarriari eutsiz", kolektiboak behin eta berriro adierazi du "larritasunaren kontzientzia hartzeko eta ekintzara pasatzeko unea" dela.
"Euskarak ezinbesteko baititu euskaltzale kontzientziatuak eta, batez ere, antolatuak, euskararen borroka lehen lerrora ekarri eta indartuko dutenak. Ari gara, baina egoerak erritmoa bizkortzea eskatzen du, berehalakoan eta nahitaezean", adierazi dute.
Bide horretan, abenduaren 5erako deitutako manifestazio nazionalean, euskararen alde bete nahi dituzte Durangoko kaleak, "oraingoan, euskara hizkuntza antifaxista gisa aldarrikatuz". Izan ere, EHEren arabera, "hurbilago eta harroago sumatzen ditugu eskuin muturra nahiz faxismoa -bai instituzioetan, baita kalean ere-, eta ohiko aurkako indarrak gero eta bortitzago ari dira bilakatzen".
"Autoritarismoan, militarismoan, errepresioan nahiz kolektibo gutxiagotuen zapalkuntzan sakontzea dute horiek helburu, herritarron eskubide sozialak urratuz eta murriztuz. Hala, fobia oro elikatzen dihardute, eta euskara ere jopuntuan dago", nabarmendu dute.
Ildo horretan, salatu dute "gero eta ugariagoak" direla "euskaldunen aurkako erasoak, sententzia judizialak, epaiketak edota diskurtso euskarafoboak". Horregatik, "munduan barna eskuina hedatzen ari den garaiotan", EHEk "inoiz baino garrantzitsuago" iritzio dio "olatu erreakzionarioaren aurka eta justizia sozialaren alde kaleak hartzea eta herri mugimenduko eragileon arteko aliantzak sendotzea, nola ez, euskaraz".
"Euskaraz diogu, Euskal Herri antifaxista euskaraz izango delako edo ez delako izango. Izan ere, ez dugu euskararik gabeko Euskal Herririk ulertzen, ezta nahi ere; euskarak egiten gaitu herri eta herririk ezean, ez dago herri antifaxistarik ere. Euskal Herritik faxismoari aurre egingo badiogu euskaraz egingo diogu", ziurtatu dute.
Era berean, EHEko kideek adierazi dute euskara edo euskalduntasuna ez dela, bere horretan, "eskuin muturreko ideien edo diskurtsoen antidotoa". "Antigorputz sendoak ditugu, baina ez gaude salbu. Horregatik, gure aldarria argia da: euskara faxismo orori aurre egiteko tresna izan dadila, euskara hizkuntza antifaxista", gaineratu dute.