BILBO, 6 Ago. (EUROPA PRESS) -
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zoologia eta Animalien Biologia Zelularra Saileko ikertzaile talde batek intsektuen eta beste artropodo batzuen komunitateak aztertzen ari ditu, hainbat gauza argitzeko: indarkeriazko heriotzak, espezie trafikoa, elikagaien eta beste merkantzia batzuen kalitatea, kutsadura eta tratu txarrak, besteak beste. Auzitegi ikerketarako interesgarria den intsektu baten garapen denbora kalkulatzen eta zikloa ixten lehena izan da talde hori iberiar penintsula osoan.
EHUko bozeramaileek jakinarazi dutenez, filmetan edo CSI telesailean eta antzekoetan ikusten ditugun auzitegi entomologoen lanak ez du zerikusirik Euskal Herriko alor horretako profesionalen eguneroko jardunarekin. EHUko Marta Saloña ikertzaileak dioenez, "nahiko errutinazkoak izan ohi dira gure lanak, gehienetan behintzat. Gauza asko ikertzen ditugu: eraikinen egituretako kalteak, aizuntzeak, segurtasun arazoak (hemen bertan, unibertsitatean, izan genuen intsektuek eragindako arazo bat), etab.".
Horretaz gain, aginte judizialarentzat ere egiten dute lan, hilketak, suizidioak, tratu txarrak eta abar ikertzen, hala eskatzen zaienean. Baso batean agertu zen gorpu bat ikertzea izan zen taldearen lehenbiziko lana.
"Prentsan irakurri nuen horren berri, eta fax bat bidali nuen auzitegira. Epaileak deitu zidan lehenbizi; ondoren, auzitegi medikuak. Orduan hasi zen gure arteko elkarlana. Zoragarria izan zen, urte asko baitzeramatzan medikuak materiala gordetzen. Material hura zerbaitetarako baliagarria zela bazekien medikuak, baina ez zehazki zertarako. Bestalde, autopsiak egin behar izaten zituen; lanez gainezka zebiltzan beti. Ez zen gordetzen informazioa; ez zen prozesatzen", gogoratzen du Saloñak.
Ia hutsetik hasi behar izan zuen lanean EHUko Auzitegi Entomologia Zerbitzuak: "Ez zegoen lehendik egindako lanik, datu isolatu batzuk salbu. Oso gutxi ikertu da gai horretaz, bai Euskal Herrian, bai iberiar penintsula osoan. Etengabe jasotzen dugu ustekabe pozgarriren bat, eta nongoak diren ez dakigun espezieak aurkitzen ditugu. Ezin jakin hemengoak diren, kanpotik etorriak edo noizbait hemen egonak, ez baitira sistematikoki erregistratu aurkikuntzak. Entomologiako profesionalak eduki dituzten sailetan edo museoetan, eskualdeko ikerketak egin izan dira, baina zenbait eremu batere aztertu gabe daude oraindik", dio ikertzaileak.
Taldea lanean hasi zenean, "dokumentatzen hasi ginen, zer espezie zeuden jakitearren. Lehenbizi, sekuentziazio genetikoa egiteari ekin genion, gorpuetako hondakinak identifikatzen lagundu ziezagun; gerora, ordea, zabalduz joan zen ikerketa eremua, eta EAEko intsektu nekrofagoen banaketa aztertzen hasi ginen, eta datu base kontrastatuak sortzen, ezinbestekoak baititugu gure lanerako", gaineratu du Marta Saloñak.
Ikertzaile horrek deskribatzen duen egoera gorabehera, gauza asko egiten dira; horietako batzuk, gainera, aitzindariak dira. "Auzitegirako interesgarria den intsektu nekrofago baten zikloa ixten eta garapen denbora kalkulatzen, zenbait tenperatura tartetan, lehenak izan ginen iberiar penintsula osoan (Portugal barne dela). Aitzindari izan ginen horretan, bai eta beste honetan ere: gorpuen kolonizatzaile diren intsektu nekrofagoen banaketa mapa eta sekuentziazio molekularra egiten", dio Saloña doktoreak.
Saloñak gogoratzen du, bestalde, bere taldea izan zela "ordura arte inork bereizi ezin izan zituen bi espezie sekuentzia genetikoaren arabera bereizi zituen munduko lehena. Egiazki uste dut meritu handia duela azken 15 urteotan egin dugun lanak, kontuan izanik zer bitarteko ditugun, ikertzaile bakoitza bere campusean aritzen dela...".
Taldearen lan metodoei dagokienez, gorpuetako intsektu kolonizatzaileak eta haien garapen denborak aztertzen dituzte ikertzaileek. Intsektuak harrapatzeko, berriz, tranpak jartzen dituzte, harrapatu nahi den intsektu mota bakoitzarentzako "amua" erabiliz; hildako animaliak jaten dituztenenentzako, adibidez, animalia erraiak.