DONOSTIA 20 (EUROPA PRESS)
Eibarko Ospitalea (Gipuzkoa) plasma hemodonazioko zentroen sarean sartu da, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak (TGEEZ) Euskadin koordinatzen duen sarean, hain zuzen ere. Ekimena Debarrena ESIaren eta TGEEZren arteko lankidetza akordioaren emaitza da. Akordio horren bidez, azken horrek espazio bat hornitu eta egokitu du odol plasma emateko puntu gisa erabiltzeko Eibarko Ospitaleko instalazioetan.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, "Gipuzkoan kokapen berri hori sartuta, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak dagoeneko zortzi puntu ditu plasma emateko Euskadin, eta, hala, Osakidetzaren plasma bilketarako zentroen sarea sendotzen du; odol plasma lortzeko arloan estatuko bost osasun zerbitzu garatuenen artean dago".
Plasma ematea egungo eta etorkizuneko lehentasun bihurtu da Euskal Osasun Sisteman hemoderibatuak emateari lotutako estrategian. Gaur egun, Euskadin, plasma emaileen kopurua urtean bitan dohaintzak egiten dituzten 3.000 pertsona ingurukoa da.
Osakidetzaren helburua hiru eta bost urte arteko epean odol plasmaren premiei dagokienez autosufiziente izatea lortzea da. Horretarako, urtean 20.000 plasma emate lortu behar dira, eta horrek esan nahi du ohiko 5.000 plasma emaile inguru behar direla, urtean batez beste lau plasma emate egiteko.
Odol plasmak gero eta protagonismo handiagoa hartu du eremu sanitarioan, ezaugarri bereziak eta aplikazio terapeutiko ugari dituelako, eta, ondorioz, medikuntzan ezinbesteko baliabide bihurtzen duelako. Gainera, plasma artifizialki fabrikatu ezin den odolaren osagai bat da, eta funtsezkoa da bizi medikamentuak egiteko, hala nola immunoglobulinak, gaur egun milaka pazienteren bizi kalitatea hobetzeko eta sendatzeko aukera ematen dutenak.
Ematen den odolari eta odol plasmari esker, urtean milaka bizitza salbatu ahal dira; gainera, heriotza eragin dezaketen gaixotasunak dituzten pazienteak gehiago eta bizi kalitate hobearekin bizi daitezela lortzen da, eta, era berean, Euskadiko Osasun Sistemako pazienteei ebakuntza mediko eta kirurgiko konplexuak egitea ahalbidetzen da.
Era berean, Europako osasun sistemek konpromiso bat hartu dute odol osagai horren erreserbekiko estrategikoki autosufizienteak izateko beharrari buruz.
PLASMA EMATEKo
Plasmaferesi izeneko teknika baten bidez ematen da plasma Euskadin. Plasmaferesi horri esker, odol serum horretatik 600 eta 750 ml artean ateratzea errazten duen prozedura espezializatu batean ateratzen da plasma. Ordubete baino gutxiagoko prozedura bat da, eta, konbekziozko odola ematean ez bezala, hilean behin eta urtean 12 aldiz ere eman daiteke plasma, emaileengan galdutako plasma oso azkar berreskuratzen baita.
Plasma emaile izateko baldintza nagusia osasun ona izatea da, eta, gainera, 18 eta 65 urte artekoa izatea eta 50 kg baino gehiago pisatzea.
Euskadin plasma emateko, Osakidetzako plasma hemodonazioko puntuetara jo behar da. Bertan, ohiko odol ematearen kasuan ez bezala, plasma emateko aurretiko zita behar da.
Zita Osakidetzaren Atari Mugikorraren bidez eskatu daiteke. Aplikazio horren bidez, hitzorduen kudeaketa, odol taldea eta emaitza alertak ikus daitezke. Era berean, zita Osakidetzaren webgunearen bidez lor daiteke, Euskadiko Odol Emaileak webguneko atal espezifikoan, edo telefonoz, 900 30 34 04 telefonoan.