Ekaitz Santazilia hizkuntzalari nafarra euskaltzain oso izateko hautagai da

Ekaitz Santazilia
EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 30 octubre 2026 14:18

GASTEIZ 30 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak osoko bilkura egin du ostiral honetan Arabako ordezkaritzan, eta izen bakarra aurkeztu da euskaltzain oso izateko hautagai, hain zuzen, Ekaitz Santazilia hizkuntzalari eta euskaltzain urgazlearena.

Akademiak gogorarazi du Pello Salaburu emeritu izatera igaro zela joan den uztailaren 3an, 75 urte bete baitzituen egun horretan Arizkuneko hizkuntzalariak, eta uztailean bertan zabaldu zela hautagaiak aurkezteko epea.

Horretara, Euskaltzaindiaren arautegiak agintzen duen moduan eta euskaltzain oso eta emerituen bozen nagusitasuna erdietsiz gero, azaroan Bilboko Euskal Museoan egingo den osoko bilkuran jakingo da Salabururen lekua Ekaitz Santaziliak hartuko duenetz.

Ekaitz Santazilia (Iruñea, 1987) euskal filologoa, hizkuntzalaria eta euskaltzain urgazlea da. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) burutu zuen Euskal Filologiako lizentzia, baita Hizkuntzalaritzako masterra eta doktoretza ere. Egun Euskal Filologia alorreko irakasle titularra da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP).

Halaber, Nafarroako Gobernuko 'Fontes Linguae Vasconum' aldizkariaren zuzendaria izan da orain dela gutxi arte. Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeko partaidea da, baita NUPeko I-COMMUNITAS - Institute for Advanced Social Research institutuko eta Nafarroako Ondare Materiagabearen Katedrako kidea ere. Aziti Bihia Hizkuntzalari eta Filologoen Elkartearen sortzaileetarik bat izan zen, eta Nafar Ateneoan Euskara alorreko eleduna ere bai.

Euskararen historia du ikerlerro nagusi, Nafarroakoa bereziki, eta, horren barnean, dokumentu zaharrak, dialektologia, soziolinguistika eta hizkuntzalaritza historikoa ditu aztergai. Euskal testu zahar franko aurkitu eta editatu ditu, eta aipatu gaiekin lotutako lan ugari argitaratzeaz gain, hainbat ikerketa proiektutan eta biltzar akademikotan ere ari izan da.

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2024ko maiatzaren 31n. Akademiaren aginduz, zenbait lan egin ditu, hala nola Zildozko Perutxeneko euskal predikuak agertzeko hitzaldia eta erakusketa atondu zituen, Erredingo Luiseneko euskal predikuak ere bai, eta laster argia ikusiko duen Joan Beriainen 1626ko kristau-dotrinaren edizio kritikoa eta erakusketa prestatu ditu.

Contador

Contenido patrocinado