Elhuyar Hiztegiak 65 milioi kontsultako muga gainditu du

Elhuyar Hiztegia erabiltzen
ELHUYAR
Europa Press País Vasco
Publicado: domingo, 16 febrero 2025 12:33

BILBO 16 Feb. (EUROPA PRESS) -

Elhuyar Hiztegiak 65 milioi kontsultako muga gainditu du 2024. urtean, eta webguneak astean ia 100.000 bisitari izaten ditu. Modu honetan, "erreferentziazko izaten jarraitzen du", bere arduradunek nabarmendu dutenez.

Elhuyar Hiztegiko edukia etengabe eguneratzen da, proiektu bizia da, eta hainbat lan ildo izan ditu martxan 2024an: 'Hitz-jolasa' abiatu da, hiztegira hitz berriak sartu dira, beste batzuk aldatu egin dira, eta, hizkuntza berdinzalea helburu, lanketa espezifikoak bideratu dira.

Hain zuzen, 2024ko urrian, Elhuyarrek 'Hitz-jolasa' jarri zuen martxan Elhuyar Hiztegiaren webgunean, erabiltzaileek euskarazko idazkera errepasatzeko eta hobetzeko aukera izan dezaten. Azkar eta erraz, bost galdera berri erantzun daitezke egunero. Helburua da zalantzazkoak diren kasuen aurrean ondo idatzitakoak identifikatzen ikastea, norberaren idazkera hobetzea helburu. Sarean jarri denetik, egunean, batez beste 650 aldiz jokatu da.

Era berean, Elhuyarretik gogorarazi dute hiztegia etengabe eguneratzen den baliabidea dela. Horrela, 2024an, esaterako, 2.300 aldaketa inguru egin dira: 415 sarrera berri gehitu dira, eta, beste 1.885 kasuetan, moldaketak egin dira.

Eguneratze horiek egiteaz gain, Elhuyar Hiztegiak hizkuntza berdinzalea erabiltzea du helburu, eta, hori horrela dela ziurtatzeko, 2024an ere hiztegiko eguneraketa guztietan genero ikuspegia landu eta lexikoaren eta hizkuntzaren erabilera baztertzailea berrikusi eta moldatu da, desberdinkeria eta bereizkeriarik gabeko tratamendua bermatuko duen hiztegi bateranzko pausoak emateko.

Aldaketa horiek guztiak egiteko, hainbat iturri erabiltzen ditu Elhuyar Hiztegiak: corpusak, beste zenbait baliabidetatik erauzitako edukia, Euskaltzaindiaren Hiztegia eta erabiltzaileen iruzkin eta proposamenak.

Edukiak etengabe eguneratzeaz gain, Elhuyar Hiztegiak teknologikoki ere aurrerapausoak eman ditu 2024an. Horrela, gailu mugikorretako aplikazioak berritu dira (iOS eta Android), eta 100.000 deskarga baino gehiago izan dituzte. Geroz eta ordenagailu gehiagotan instalatuta dago mahaigaineko aplikazioa.

"Elhuyar Hiztegia proiektu bizia da, eta proiektuaren hainbat alderdi lantzen dira urtez urte. Horretarako ezinbestekoak dira modu batean ala bestean babesa eskaintzen diguten erakunde eta norbanakoak, Elhuyarren bazkide direnak edo Elhuyar Hiztegiaren proiektua bera babesten dutenak", nabarmendu dute Elhuyarretik.

Contenido patrocinado