'Elhuyar Zientzia eta Teknologia' aldizkariak 300 zenbaki bete ditu

Aldizkariaren 0. zenbakiaren azala
Foto: ELHUYAR
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 17 diciembre 2013 20:54

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

   Elhuyarrek 'Elhuyar Zientzia eta Teknologia' aldizkariaren 300. zenbakia argitaratu du irailean, eta ospatzeko, 28 urteko bidea gogoratu du azalez azal, hamarnakako jauzitan.

   Bere arduradunek gogoratu dutenez 'Elhuyar' aldizkaria 1974an sortu zen, euskara arlo zientifiko eta teknikora egokitzeko asmo nagusiarekin. Hizkuntza sendotu ahala, alderdi horrek indarra galdu zuen, edukiaren mesedetan. Hala, 1985eko abenduan argitaratu zen gaur egungo aldizkariaren arbaso zuzenaren zero alea: 'Elhuyar Zientzia eta Teknika'.

   2009an, berriz, gaur egun duen izena hartu zuen, 'Elhuyar Zientzia eta Teknologia'. Izenarekin batera, aldizkariaren diseinua, formatua eta edukiak berritu eta eguneratu ziren, eta gerora ere egin dira aldaketak, gizartearen ezaugarriei eta eskakizunei moldatzeko. Horien artean, iaz, webgunea berritu zen, paperean eman ezin diren edukiak eta funtzionalitateak eskainiz aldizkaria.elhuyar.org helbidean.

   Zientziari eta aurrerakuntza zientifiko eta teknologikoei buruzko informazioa ematea eta haiek dagokien testuinguruan interpretatzea; zientziarekiko zaletasuna piztea eta entretenitzea; kultura zientifikoa hedatzea eta bultzatzea; sineskeria sasizientifikoei aurre egitea eta erabaki teknozientifikoen aurrean gizarte mailako ardura sustatzea dira aldizkariaren arduradunek asmo nagusiak.

   Halaber, 300. zenbakiarena ez da aldizkariak irailean ospatuko duen urtebetetze bakarra, Elhuyar anaiei eman baitie hil honetako zenbakiaren "Istorioak" atalaren protagonismoa; izan ere, 230 urte bete dira Elhuyar anaiek wolframioa isolatu zutenetik, 1783ko irailaren 28an lortu baitzuten wolframioa isolatzea eta esku artean hartzea.

Contenido patrocinado