Elkarrekilan Zuberoan udalekuak antolatu dituzte Ikastolen Elkarteak eta Uda Leku elkarteak

Elkarrekilan Zuberoan udalekuak aurkeztu dituzte
Foto: UDALBILTZA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 22 julio 2014 13:58
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

   Ikastolen Elkarteak eta Uda Leku elkarteak bat egin dute aurrenekoz, eta aurten Elkarrekilan Zuberoan udalekuak antolatu dituzte elkarrekin. Bertan, Euskal Herriko lurralde guztietako 9 eta 15 urte bitarteko ehun bat gaztek hartuko dute parte. Mauleko 'Agerria etxea' aterpetxean izango dira udalekuak, uztailaren 24tik 30era, eta begiraleak ere Bidasoaz bi aldeetakoak izango dira.

   Egitasmoa gaur aurkeztu dute Ikastolen Etxean, Donostian, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Nagore Amondarain Ikastolen Elkarteko Aisialdi Taldeko arduradunak, Anaiz Olzomendi Uda Leku elkarteko kideak, Michel Etxebest Mauleko auzapezak eta Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak emandako prentsaurreko batean.

   Orain arte, Ikastolen Elkarteak Nafarroa Garaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko haurrentzat antolatu ditu udako aisialdi proiektuak, eta Seaskak Uda Leku elkartearen bitartez eskaintzen ditu bereak Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko haurrentzat. Hortaz, bi elkarteek elkarlanean sortu duten Elkarrekilan Zuberoan egitasmoa "aitzindaria dugu", eta begiraleak ere Bidasoaren bi aldeetakoak izango dira.

   Tellituren esanetan, udaleku honen asmoa euskal lurralde guztietako ikasleen arteko zubi lana egitea da. "Ehun gazte hauek beraien arteko harremanak hasteko aukera izango dute, euskalkiak nahasteko, jolasak eta interesak partekatzeko", azaldu du.

   Bestalde, Amondarainek eta Olzomendik egun hauetan egingo diren jarduerei buruzko xehetasunak eman dituzte. Horrela, ikasleak bisitan joango dira Mauleko gaztelura, eta herrialdearen historiaren berri izango dute. Horrez gain, informazioa jasoko dute Zuberoako lehen sektorearen egoeraz eta Euskal Herriko Laborantza Ganbararen lanaz, eta espartingintzaren industria ezagutuko dute.

   Naturari dagokionez, Basabürüko gainetara, Arbailako basoetara eta Kakuetako eta Holtzarteko arroiletara joango dira, eta bertako kultura eta aisialdia zertan diren jakingo dute: Euskal Herria Zuzenean jaialdia, maskaradak, trinketea, kantak eta abar.

   Bertako sortzaileen bisita ere izango dute, eta Pier Paul Berzaizek idatziriko "Ni, Petti Buhamea" pastorala ikustera hurbilduko dira Garindainera. Azkenik, udan gaudenez, Mauleko igerilekuez gozatzeko modua ere izango dute.

Contenido patrocinado