DONOSTIA 30 Sep. (EUROPA PRESS) -
Emakunde "Emakumeak Goi Mailako Kirolean" izenburuko bigarren jardunaldia egiten ari da gaur Donostian, emakumeek kirolean duten posizioa nola hobetu aztertzeko helburuarekin. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) goi mailako kirola egiten duten emakumeei omenaldi "zintzo eta xumea" egin die, eta Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak azpimarratu du oraindik ez dagoela berdintasunik emakumeek eta gizonek egiten duten kiroleen artean.
"Eta ez bakarrik kirolariei dagokienez, baita ere federazio eta zuzendaritzan bezalako erabakiguneetan emakumeek duten presentzia urriagatik, eta komunikabideek egiten duten euren jardueraren hedapen eskasagatik", adierazi du Silvestrek jardunaldiaren inaugurazioan.
Emakundeko zuzendariak ematen diren desberdintasun horien zergatiak azaltzen saiatu da jardunaldian, eta aipatu dituenen artean daude umetatik neska eta mutilek jasotzen duten sozializazio ezberdina, kirolarekin zerikusia duten baloreen inguruan neska eta mutilek jasotzen dituzten estereotipo maskulino eta femeninoak, klub eta federazioek dituzten politikak, emakumeek kirola uzteko duten joera, emakumeen kirolaren profesionaltasun eza, emakumeen taldeek babesa lortzeko dituzten zailtasunak edo komunikabideetan "ikusezinak izatea".
Jardunaldiaren helburua emakume eta gizonek egiten duten kirolaren arteko ezberdintasunei buruz gogoeta egitea da, eta horrekin batera, egoera hori aldatzeko zein estrategia erabili daitezkeen aztertzea. Egun osoa iraungo duen jardunaldian zehar honako gaiak jorratuko dira:
EAEko emakume kirolariak Udako Joko Olinpikoetan; emakumeek eskubaloian izan duten partaidetzaren historia; Euskadira datozen jokalariak; emakumeak arbitro-lanetan eta goi mailako kirolean dabiltzan emakumeei laguntzeko neurriak.
Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgellek eta Emakundeko zuzendari Maria Silvestrek hasi dute jardunaldiari, eta aurkezpenean lehen mailan ari diren emakumeen kirol taldeen materialaren erakusketa bat ikusi ahal izan da. Bertan izan dira EAEko lehen mailako emakumezko taldeen ordezkariak ere. Erakusketako materialak honako taldeenak izan dira: SD Eibar, Athletic Club eta Real Sociedad futbol taldeak; Hondarribia-Irun saskibaloi taldea; Bera Bera eskubaloi taldea; Realeko Belar Hockey taldea; Getxo Rugby eta Gaztedi Rugby taldeak; Boccia kirol adaptatuaren euskal selekzioa.