BILBO 6 (EUROPA PRESS)
Eñaut Elorrieta kantagile gernikarrak bere bakarkako ibilbideko laugarren diskoa den 'Festina Lente' izenburuko lana argitaratu du ostiral honetan, Elkar argitaletxetik jakinarazi dutenez.
Elorrietak nazioarteko indie-rockaren erreferentea den The National taldeko hainbat musikari izan ditu bidelagun ekoizpenean zein grabaketan, eta elkarlan horren emaitza konposizioan, soinuan eta ekoizpenean sumatzen da. "'Festina Lente'-k koska bat gora egiten du, soinu garbi, zabal eta borobila erakutsiz", nabarmendu dute.
Hamar kantuz osatutako diskoan "intimismotik energia kolektibora egiten du bidea musikak", eta "ahotsaren hurbiltasuna eta instrumentuen zabaltasuna, hausnarketa eta bulkada, bakardadea eta komunitatea gurutzatzen dira kantu batetik bestera".
"Horregatik, 'Festina Lente' ez da soilik disko berri bat: artistaren ibilbide osoa bildu eta, aldi berean, etorkizunera proiektatzen duen lana da. Ikusgarria da Eñaut Elorrietak azken hamarkadetan egindako bidea: bera izateari utzi gabe, etengabe bilakaeran eta bere bide propioan sakontzen", adierazi dute Elkarrekoek.
Eñaut Elorrietak abenduaren amaieran abiatuko du kontzertu bira, eta 'Festina Lente' diskoko kanta berriak ez ezik, hiru hamarkada betetzen dituen ibilbideko abesti esanguratsuenetako batzuk ere eramango ditu agertokira.