BILBO 15 Nov. (EUROPA PRESS) -
Etekin ekonomia topaketen aurtengo edizioa trantsizio energetikoari buruzko hitzaldi batekin amaituko da azaroaren 20, Itsasmuseum Bilbao museoan. 'Trantsizio energetikoa, enpresentzako aukerak eta erronkak' izenburupean, Elias Unzueta Petronorreko Ingeniaritzako zuzendari nagusiak eta Mikel Amundarain Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak gaiaren inguruan dituzten ezagutzak eta ikuspegiak partekatuko dituzte.
Eusko Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Institutuak eta Bankoa Abanca, CaixaBank, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxa finantza erakundeek antolatu dute elkarlanean Etekin zikloa, eta azken saio CaixaBank-ek eta Kutxabank-ek koordinatu dute.
Bada, datorren asteko saioan, Mikel Amundarainek gaiaren inguruko hainbat galdera erantzungo ditu, besteak beste, nola azaldu modu errazean zer den trantsizio energetikoa; nola kokatzen den Euskadi erronka honetan; zer garrantzia duen trantsizio energetikoaren eta aldaketa klimatikoaren legeak; zer ikuspuntu duen Energiaren Euskal Erakundeak proiektu berriztagarrien hainbat proiekturen inguruan sortu diren eztabaiden aurrean, eta zer dirulaguntza lerro eskaintzen dituen arlo horretan. Elias Unzuetak, bere aldetik, erregai berriei eta Petronorren transformazioari buruz hitz egingo du.
"Finantza sektoreak ekarpen handia egin dezake, trantsizio energetikoan eragile garrantzitsua garelako. 2022. urteaz geroztik, 67.000 milioi euro mobilizatu ditugu finantza jasangarrietan, eta argi daukaguna da, azkarrago joateko, neurri sakonagoak behar ditugula. Helburua elektrifikazioa eta energia eraginkortasunaren hobekuntza izan behar da", azaldu du Estibaliz Areitio CaixaBank-eko negozio arloko zuzendariak.
Jabier Larrañaga Kutxabank-eko Enpresen Bankako zuzendariak, berriz, trantsizio energetikoa erronka lokal eta global handienetako bat dela adierazi du, digitalarekin batera. "Ziur gaude gure ekonomien deskarbonizazio prozesuak guztiontzako aukerak ekarriko dituela, baldin eta estrategiak eta inbertsioak bideratzen baditugu eta norabide bereko lankidetza publiko-pribatua sustatzen badugu", adierazi du.
Trantsizio energetikoari eskainitako saioa euskaraz izango da (aldibereko itzulpen zerbitzua erabiltzeko aukerarekin), eta elkarrizketa formatua izango du, Esti Cosano kazetaria moderatzaile dela. Topaketa irekia.euskadi.eus atarian jarraitu ahalko da, EITBren 'streaming' zerbitzuari esker.
Eusko Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Institutuak eta Bankoa Abanca, CaixaBank, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxa finantza erakundeek elkarlanean antolatutako ekonomia topaketak dira Etekin, eta gaurkotasunezko ekonomia eta finantza gaiak euskaraz lantzeko bilgune bat sortzea dute helburu.