DONOSTIA 19 Dic. (EUROPA PRESS) -
Zarauzko Udalak (Gipuzkoa) egitarau zabala prestatu du Munoako karpan datozen egunetarako eta, besteak beste, antzerkia, Gabonetako haur parkea, skate park bat edota surf taula mugikor bat izango dira bertan.
Hasteko, Udaleko Berdintasun Sailak antolatuta, "Ser o no ser... invisible" antzezlana izango da gaur arratsaldean, 19:00etatik aurrera. Bere neskalagunarekin ezkontzera doan emakume baten gogoeta umoretsuek osatzen dute obraren ardatza, monologo formatuan. Sarrera doan izango da.
Bestalde, bihar, eta Turismo Bulegoak antolatuta, Gabonetako haur parkea irekiko da aurreneko aldiz Zarautzen. "Gabonetako programazioa aurkeztu genuenean azaldu genuen bezala, Turismo Bulegoaren helburuetako bat izan da egun hauetan aisialdi jarduera berriak eskaintzea zarauztarrei, batez ere haur eta gazteei, beraiek direlako benetako protagonistak. Orain arte antolatu diren ekitaldiek, Diskofestak eta pailazoek adibidez, oso harrera ona izan dute, eta aurrerantzean izango direnek ere zuen gustukoak izango direla seguru gaude", adierazi dute Zarauzko Udaleko iturriek.
Parkea bihartik hilaren 24ra eta 27tik 29ra egongo da irekita. Ahalik eta haur eta gazte gehienengana iristeko asmoarekin, jarduera desberdinak izango dira. Aurreneko bost egunetan, Gabonetako haur parkea izango da bertan. Puzgarriak izango dira atrakzio nagusietako bat; horien artean handiena oztopoz osatutako zirkuitu bat da, eta 7 eta 12 urte bitarteko haurrei doa zuzenduta. 5 eta 7 urte bitarteko haurrek ere animaliz osatutako puzgarria izango dute.
Txikienentzat, 1 eta 3 urte bitartekoentzat ere izango da puzgarria; kasu honetan itxita izango da, eta gurasoek sartu eta irten ahal izango dute. Laugarren puzgarri bat ere badago, eta bertan AEBetako telebistako gladiadore famatuak imitatuz dibertitu ahal izango dute nahi duten guztiek.
SURF ETA SKATE
Surfa egin nahi dutenek baina itsasoaren beldur direnek ere izango dute taula probatzeko aukera, surf taula mugikorra jarriko baita. Zezen mekanikoetan antzera, taula gainean ahalik eta gehien eustea izango da helburua.
Hilaren 27tik 29ra ere izango da zer gozatu. "Denok dakigu Zarautzen skate-a eta antzeko kirolek zale asko dauzkatela, eta horregatik erabaki dugu egun horietan skate parka antolatzea. Sarrera doan izango da, goizetan", azaldu dute. Skate-arekin zein bizikletarekin maniobra eta jauziak egiteko, bi arrapala handi eta lau txiki jarriko dira. Bankuak eta barandak ere izango dira, dena babes neurri egokiekin.
Karpa 29an itxiko da arratsaldean, lehiaketa batekin: adinaren eta mailaren arabera antolatuko dira taldeak, eta aurrez izena emandako skater guztiek hartu ahal izango dute parte. Irabazleentzat, noski, hainbat opari izango dira. Bestalde, arratsalderen batean rider profesionalekin erakustaldi bat antolatuko dute. Kasu horretan aforoa limitatua izango da eta sarrerak karpan bertan erosi ahal izango dira, goizetan.
Bestalde, haurrentzako askotariko jolasak izango dira begiraleak lagunduta. Nagusiagoengan ere pentsatuta, wii bideokontsola ezagunarekin lau pantaila jarriko dira, bi jokalarientzat bakoitza, kiroletako bideojokoekin.
Karpa 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Sarrera euro bateko prezioa izango du, eta lau atrakzio probatzeko eskubidea emango du. Helburua masifikazioa eta jende pilaketak saihestea da.