GASTEIZ 11 Ago. (EUROPA PRESS) -
Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak "Zetazeoak Euskal Herriko kostaldean" izenburuko erakusketa ireki du Arabako Natur Zientzien Museoan, Gasteizen. Lanegunetan (astelehenetan izan ezik), 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:30era bisita daiteke erakusketa, larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara, eta igande eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara. Urria amaitu arte egongo da ikusgai erakusketa, foru erakundetik gaur jakinarazi dutenez.
Erakusketa Itsas Faunaren Ikerketa eta Babeserako Elkarteak antolatu du, ugaztun urtarren ikuspegi orokorra emateko eta orokorrean euskal gizarteak eta bereziki arabarrak hauteman ez duten errealitatea zabaltzeko, hala nola, Bizkaiko Golkoko urak zetazeoak behatzeko pribilegiozko tokia dela.
Planeta osoko itsasoetan ezagunak diren 86 zetazeo-espezietatik laurden bat baino gehiago euskal uretan aurki daiteke. 1986an Lehorreratze Sarea ezarri zen, eta Begiztapen Sarea, berriz, 2000. urtetik erabilgarri dago. Hauei esker, dagoeneko 24 espezie ezberdin antzeman dira euskal kostaldean.
Aldi baterako erakusketa honek bestelakotasun bat agerian jarri nahi du, aurreneko ondorio gisa euskal kostaldearen aurrean balio handiko ekosistema izatea ekarri duena. Erakusketaren arduradunen arabera, hau zaindu ahal izateko bera ezagutzea beharrezkoa da, eta gainera, mito faltsu bat baztertu nahi da, hain zuzen ere, zetazeoak behatzeko itsaso tropikaletara joan edo 'National Geographic' piztu behar izatearena.
"Euskal Herria eta zetazeoen arteko lotura urrutitik dator. Hain zuzen ere, baleekin zerikusia duen jarduerak mendeetan zehar gizarte eta ekonomian garrantzi handia izan zuen, Bizkaiko golkoko uretan euskal balea desagertzea ekarri arren", azaldu dute.
Dena dela, erakusketak kasurako ondoko gertakariak azpimarratzen ditu: egun hegaluzea kostaldera hurbiltzen denean orka multzo batzuek ere euskal urak bisitatzen dituztela eta, maiatza eta urria bitartean, baita zeroiek ere, Capbretongo fosa handiaren gainean. Berau euskal kostalde aurrean dagoen itsaspeko arroila handia da eta zetazeoak behatzeko punturik onenetakoa bilakatu da.
Orka eta zeroiak ez ezik, izurde, pilotu-izurde hegaluze, zere, Cuvier bale, bale urdin, xibarta edo mazopak ere asko agertzen dira. Natur Zientzien Museoan ikusgai dauden informazio eta dibulgaziozko material ezberdinek errealitate ezezagun hauen berri ematen dute.