BILBO 30 Abr. (EUROPA PRESS) -
Basurtok (Bilbo) haurreskola berria izango du laster, Zankoeta Haurreskola, hain zuzen ere. Ikastetxe berriaren inaugurazioarekin, hiru haurreskola berri egongo dira zabalik hiriburu bizkaitarrean ikasturte osoan: San Frantzisko Haurreskola, Otxarkoagako Francisco Goya Haurreskola eta Zankoeta Haurreskola. Aurreikuspenen arabera, Zankoeta Haurreskola 2011. urtearen hasieran hasiko da zerbitzua ematen.
Basurto auzoaren erdian, Zankoeta kalean eta Basurto ikastetxe publikoaren parean kokatuta, haurreskola berria antzinako Desinfekzioetarako Udal Erakinaren eskuin hegalaren beheko solairuan eraikiko da. Eraikin hori Ricardo Bastidak diseinatu zuen eta 1916 eta 1917 artean eraiki zen. Eraikinaren gainerako espazioa 8. Barrutiko Auzo Etxeak hartuko du.
Beheko solairuak, haurreskolari dagozkion gelak hartzeaz gain, haurrentzako gelak, laguntza gelak, irakasle gela, sukaldea, erabilera anitzeko gela eta aldagelak izango ditu. Horrez gain, erakin zaharraren eskuin hegalaren alboko 412 metro karratu aire zabaleko jolasgunea hornitzeko erabiliko dira. Desinfekzioetarako eraikinak haur eskola berria hartzeko birmoldaketa eta egokitzapen lanetarako 650.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egin da, eta proiektua Bilboko 2010eko Inbertsio eta Enplegu Planaren barruan gauzatuko da.
Basurtoko haurreskola berriaren helburua beren seme-alabak eskola berrian inskribatzen dituzten gurasoei lan bizitza eta familia bizitza uztartzeko erraztasunak ematea da. Antzeko ezaugarriak dituzten gainerako ikastetxeek bezala, gizarte beharretara egokitutako ekipamenduak izango ditu.
Zankoeta Haurreskola berriak 42 ikaslerentzako lekua izango du; hain zuzen ere, 0 eta 1 urte bitarteko haurrentzako bi gela (16 plaza) eta 1 eta 2 urte bitarteko haurrentzako beste bi gela (26 plaza). Gela guztiek atsedenaldirako gunea, aldagelak eta janaria prestatzeko gunea izango dituzte. Horrez gain, ikastetxeak sukaldea, jantokia jolasgunea, kanpoko jolastokia eta abar izango ditu.
Basurto-Zorrotza Barrutiko haurreskola berriaren ezaugarri nagusietako bat kolorez betetako fatxada izango da. Pertsona eta animalien formez eta marra okerrez osatutako hainbat irudi izango ditu, eta irudi horiek orubean, jolasgunean eta parterreetan ere txertatuko dira. Gunea haur munduarekin girotuko da eta estimulu eta "magia" osagaiak iradokiko ditu.
Zankoeta haurreskola Haurreskolak Partzuergoak kudeatuko du (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Eudelek osatua) eta zerbitzua 2011. urte hasieran ematen hastea espero da.