EUSKADI.-Bilboko Udalak ostiralean jarriko du martxan "Musika dibertigarria da" programaren beste edizio bat

Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 5 mayo 2010 12:56

BILBO 5 May. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak "Musika dibertigarria da" programaren edizio berria jarriko du martxan ostiral honetan. Ekimenaren helburua hiriko biztanleen artean musika klasikorako eta operarako zaletasuna piztea da. Horrela, datozen lau ostiraletan, helduei zuzendutako bi kontzertu didaktiko eta lau urtetik gorako umeentzat diseinatutako beste bi jasoko ditu Barrainkuako Udaltegian.

Programaren helburu nagusia, musika klasikoa eta opera musika prestakuntza maila handia duten pertsonentzako baino ez direla egokiak dioen ideia baztertzea eta musika genero horietara ikus-entzule berriak erakartzea da, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Saileko arduradunek adierazi dutenez.

Horrela, ostiral honetako umeentzako kontzertua, "Edabe magikoa" izenburupean, Ana Isabel Salomon sopranoak eta Andoni Martinez Barañano tenoreak sortu duten Opera Divertimento taldeak eskainiko du, arratsaldeko 18:30etan. Opera Divertimento taldeko musikariek, abeslariek eta antzezleek Donizzetiren "L'elisir d'amore" opera komikoaren egokitzapen lana egin dute. Elkarrizketak euskaraz izango dira, eta abestutako zati osoa, berriz, italieraz. 50 minutu inguru iraungo du.

Umeei eskainitako bigarren saioa maiatzaren 20an izango da, hori ere 18:30etan, eta beste guztiak bezala, Barrainkuako Udaltegian. Oraingoan, ipuinen eta musikaren magia uztartu eta nahastu egiten dira adin guztietako umeentzako ikuskizun batean. Pentafonia aire boskoteak "Hanselen eta Gretelen istorioa" kontatzen du, antzezleak, txotxongiloak eta konposatzaile handiak nahastuz, txikienei musika klasikoaz gozatzen eta musika hori ezagutzen eta entzuten irakasteko. Saio honek ordubete inguruko iraupena izango du, eta gaztelaniaz eskainiko da.

HELDUENTZAT

Helduei zuzendutako bi saioak hurrengoak izango dira: Ursula Segarrak eskainiko duen arpa emanaldia maiatzaren 14an, 20:00etan, eta Häendelen lanean oinarritutako Impromptu taldearen emanaldia maiatzaren 21ean, arratsaldeko 20:00etan ere.

Ursula Segarrak ikus-entzuleak liluratuko ditu bere musika-tresnaren berezitasunak erakutsiko dituen emanaldian, entzuleak arparen mundura hurbilduz. Horretarako, Bernard Andres, Foure edo Manuel de Falla bezalako konpositoreen lanak interpretatuko ditu.

Improntu Taldeari dagokionez, bere saioa Georg Friedrich Häendelen (1685-1759) lan zabalean oinarrituko du, Naroa Intxausti sopranoa partaidetzarekin. Nazioarteko ibilbide arrakastatsua izan zuen lehenbiziko konpositorea izan zen Häendel, eta 600 lan baino gehiago konposatu zituen, operak, oratorioak eta orkestrarako musika tartean.

Victor Jimenez Dominguez pianistak eta Jose Manuel Cacho biolin-jotzaileak sortutako Impromptu taldeak errepertorio zabala menperatzen du, Mozarten edo Beethovenen musika klasikotik hasi eta Debussyren edo Ravelen musika inpresionistara, Vivaldiren edo Bachen barrokotik eta Chopinen edo Tchaikovskyren erromantizismotik igaroz.

Bere emanaldietan, musika piezak jotzeaz gain, zehaztasun historikoa galdu gabe, ikuslea kontzertu bakoitzeko garaira eta protagonistetara hurbiltzen duten azalpen atseginak ere egiten dituzte.

Contenido patrocinado