BILBO 10 Feb. (EUROPA PRESS) -
David Fernandez artista madrildarrak "El Corazon, la Boca, los Hechos y la Vida" (Bihotza, Ahoa, Gertaerak eta Bizitza) izenburuko dantza eta antzerki ikuskizuna aurkeztuko du asteburu honetan Bilboko La Fundicion aretoan. Saioak 20:00etan hasiko dira bi egunetan, areto bilbotarreko arduradunek jakinarazi dutenez.
Benhard Bach -J.S. Bachen seigarren semea- nazkaz hil zen 24 urte besterik ez zituela, bere etxetik eta senideengandik urruti. Bere aitaren itzal jasanezinetik eta bizitza programatutik ihesi, zor ugari utzi zuen igaro zen lekuetan eta aita bat lotsaz beterik -horren lekuko da J.S. Bachek hari buruz idatzi zuen gutun gogor bat-.
David Fernandezen "El Corazon, la Boca, los Hechos y la Vida" obran, eguneroko bizitzan ikusi daitezkeen elementu teknologiko ezberdinez osatutako narraziozko egitura baten bidez (pantailak, managailuak, bideojokoak eta abar), Benhard Bachek musikaz, bizi duen ezinegonaz eta amorruaz eta duen aitaz hitz egiten du; baina David Fernandez 'Verano Azul'-en sortzaile den Brunoren semea da, ez Bachena, eta beraz, "'aita' guztien aurkako ikuskizuna da, maitasun eta min sakonarekin".
"Antzerkia komunikazio esparru gisa erabiltzen dut, eta inguruan ditudan gauzekin eraikitzen dut nire diskurtsoa. Haietaz baliatzen naiz, baina ez diot zorrik kulturari. Batere ez. Bachi bai. Baina Bach ez da kultura. Bach hartz handi bat", dio Fernandezek berak.
Obraren musika, testuak, leds eta Max/MSP programazioa, dramaturgia eta interpretazioa David Fernandezen ardura dira;
teknikari eta eszenan laguntzailea Michael Fernandez da, eta produktorea David Fernandez bera, U.A.H-ko Antzerki Aretoaren laguntzarekin.
David Fernandezek (Madril 1976) dantza klasikoa eta garaikidea ikasi zuen Madrilen, arte dramatikoa J.C.Corazzarekin eta biolontxeloa bere kabuz. Duela lau urtetik hona, berak zuzentzen eta ekoizten ditu bere lanak, eta aipatu diziplinak eta etxeko teknologia berriak erabiltzen ditu.
Lankide izan ditu, besteak beste, Olga Mesa, Ramon Oller, Carmen Werner, Ara Malikian, Robert Lepage, Juan Dominguez, Dani Panullo, Javier Alvarez, Angelica Liddell, Cuqui Jerez, Teresa Nieto, La Ribot, La Fura dels Baus eta, oraintsuago, Calixto Bieito "Los Persas" lanean.